Sail bat sortu dugu, “Eboluzionatzen jarraitzeko beren burua berriz asmatzen duten erakundeak“ izenekoa, zeinean, zortzi kapitulutan, azken urteotan guk geuk izan dugun eraldaketaren gakoak azaltzen ditugun. Lehen atalean, gure esplorazio- eta inspirazio-unea kontatu genuen, begirada altxatu genuen unea; bigarren kapituluan partekatzeko dugun bokazioaz hitz egin genuen; hirugarren atal honetan azaltzen dugu nola joan garen geure zerbitzuak birdiseinatzen, eskaera berriei aurre egiteko. Hori da, zalantzarik gabe, aldaketarik sakonenetako bat.

K2K Emocionandon sentitu, pentsatu eta egin egiten dugu. Emozioak gidatzen gaitu. Badakigu pertsonak hunkitzen, motibatzen eta sentsibilizatzen, aldatzeko beharra ikusarazten eta horren protagonistak, eta, beraz, askorena den arrakasta baten jabeak direla sentiarazten.

Urte askoan, K2K Emocionandoren proposamena antolaketa-aldaketa sakona izan da esklusiboki; hau da, eraldaketa, egiturazkoa izateaz gain, K2K Emocionandok organizazio osoaren koordinazioa bereganatzen duen denbora-tarte batean egiten da, baldin eta, jabeekin adostuta, pentsatzen bada une horretan ez dagoela, erakundearen barruan, aldaketa gidatu dezakeen norbait. Hori zen gure jarduteko era.

2018tik aurrera, beste joera batzuek inspiratuta, hala nola holokraziak eta soziokraziak, eta enpresen laguntza-eskaerei erantzunez, hausnarketari ekin genion. Bide horretatik, zerbitzu-eskaintza moldatu genuen, eskatutakoari egokitzeko, eta bestelako premiak zituzten erakundeetan prozesuak bideratu ahal izateko.

Hausnarketa horren ondorioz, laguntza-eskaintza zabaldu genuen. Haren barruan, erakundearekin koordinatutako egitura-aldaketaz gain, erantsitako bederatzi zerbitzu daude, den-denak gure DNAren parte diren printzipio eta balioen araberakoak:

  • egituraren eraldaketa, zeinean ez den beharrezkoa gure lantaldea koordinazio orokorraz arduratzea.
  • lurralde-mailako aldaketa, udalerri, eskualde edo bailara batean, enpresen eremutik haragoko eraldaketa lortzeko.
  • beste bide batzuetatik eraldaketa-prozesuak hasita dituzten eta modu ordenatuan NERerantz joateko beharra duten proiektuetan sakontzea.
  • erakundeen administrazio-organoei aholku ematea, eraldaketa-prozesuetan orientatzeko.
  • parte-hartze bidezko hausnarketa estrategikoa, erakundeen xedea, harremanak, balio pertsonalak lantzeko, baita horiek guztiak praktikara eramateko modua ere, erakundearen uneko egoera ezagutu ondoren.
  • eraldaketa-prozesuen prototipoak egitea, eraldaketa-prozesu globala egiteko prest ez dauden erakundeetan.
  • sentsibilizazioa eta hasierako eraldaketa, aldaketarako prestakuntza-prozesuen bitartez: mintegiak, MBA Masterra, trebatze-saioak, gai zehatzei buruzko ikastaroak edo banakako eta taldekako coaching-a.
  • ORBICO diagnostikoa, hau da, jasangarritasun globala analizatzea, erakundearen epe luzeko esparru ekonomikoa, esparru soziala eta ingurumen- esparrua aztertuz.
  • eta, azkenik, ekintzaileei, start-upei edo spin-offei zuzendutako jarduera berriak diseinatzea, batzuetan funtzionatzeko oso era tradizionala izaten baitute.

Edozein erakunde diseina daiteke, hasiera-hasieratik, NER estiloan funtzionatzeko.