Sektore publikoan parte hartzeko prozesua

Avatar ByK2K Emocionando

Sektore publikoan parte hartzeko prozesua

Marta URAMaría López de Heredia Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendaria da Uraren Euskal Agentzian, eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen-arloan eskumena duen Sailari atxikita dago.

“Vitoria-Gasteizen hazi naiz enpresa-tradizio handiko familia batean. Bost anai-arrebatatik laugarrena naiz. Deustuko Unibertsitatean Ekonomi eta Enpresa Zientziak ikasi ondoren, enpresen aholkularitzako bulego batean egin nuen lan. 1995ean Mendikoin sartu nintzen, Nekazaritza Sailaren enpresan, egungo Hazi Fundazioan. Administrazio eta zerbitzuetako arduradun gisa 16 urte igaro ondoren, aldatzeko unea zela pentsatu nuen, eta nire karrera Agentzian jarraitu nuen. Profesional handiek osatutako elkarte bateko kidea naiz, eta gure ibaiak eta uraren masen egoera ona zaintzeko lan egiten dugu. Nire egitekoa da zeharkako zerbitzuak koordinatzea eta zuzentzea makineria oso horrek funtziona dezan: pertsonak, aurrekontuak, kontratazioa, berdintasuna, euskara, zerbitzu informatikoak edo aholkularitza juridikoa, besteak beste”.

Maríarekin hitz egin dugu haren ikuspuntua, sentsazioak eta Agentzian 2019ko amaieran abian jarri genuen parte-hartze prozesuan izandako esperientzia ezagutu eta partekatu nahi dugulako.

María, zein da URAren helburua, zertan aritzen zarete?

Uraren Euskal Agentzia (URA) Eusko Jaurlaritzaren erakundea da, eta Euskadiko uren politika kudeatzeaz arduratzen da. Batik bat, ur masen egoera ona zaintzen eta kalitate okerragokoak hobetzen aritzen da edota uholdeen arriskua gutxiagotzen, ibaien ibilgua gehitzeko obrak eginaz, oztopoak kenduaz, e.a. Erraz ulertzeko moduan esanda, hodietatik igarotzen ez den ur  guztia, librea dena, zaintzeaz arduratzen gara, ibaira isurtzen dena eta kaltetzen duena kontrolatuaz, baita kentzen dena ere, gure urek osasun ona izan dezaten.

URAren egoitza nagusia Vitoria-Gasteizen dago, eta bulegoak hiru lurraldetan ditugu herritarrengandik gertuago egoteko; laborategi bat ere badugu laginak aztertzeko.

Nondik atera da Agentzian parte hartzeko prozesu bat proposatzeko beharra?

Vitoria-Gasteizen dagoen egoitza nagusia txiki geratzen ari zitzaigun, eta aukera ona zela ikusi genuen hirian genituen bi bulegoak batzeko. Aldaketa garrantzitsua izanik, bulego nagusia lurraldeko bulego batekin elkartuko baitzen, bakoitza bere historia eta lan egiteko moduarekin, aukera ederra zela pentsatu genuen inplikaturiko pertsona guztiek bulego horiek diseinatzen parte hartzeko eta guztion iritzia kontuan hartzeko. Kanpotik ezarritako zerbait izan ordez, uste izan dugu eguneroko lanean aritzen garenok hobeto defini dezakegula gure lana hobeto egiteko zer behar dugun.

Eta hemen K2K Emocionando sartu da. Nola ezagutu gintuzun eta zergatik eskatu zenigun laguntzeko prozesu honetan?

Bilbon lau egunez antolatutako NER BY K2K Mintegi Aurreratuan izena eman nuen, eta zuek transmititutako ilusio eta energiarekin liluratuta geratu nintzen. Pertsona batzuen bizipenak eta bizitako aldaketa zuzenean entzuteko zortea izan genuen; hau da, egitura hierarkiko batetik egitura askoz horizontalago batera pasatzean izandakoa, informazio guztia partekatu eta erabakiak denon artean hartzen zirela ikusita. Hori dela-eta, bulegoz aldatzea antolaketaren kudeaketa-estiloa aldatzeko lehen urratsa izan zitekeela pentsatu genuen, kontuan izanik, sektore publikoa izanda, arautzen gaituzten arauak eta legedia beharbada zorrotzagoak izango zirela jarduera-mota horietarako.

Nola burutu da parte hartzeko prozesua? Zein izan da gonbidapena, prozesuaren faseak,…?

Lehenik eta behin, zuzendaritza-taldean definitu genuen zeintzuk ziren negoziatzeko moduko gaiak eta zeintzuk ez, guztiok hasieratik jakiteko zeintzuk ziren jokoaren araudiak. Esate baterako, hasieratik erabakita zegoen leku-aldaketa egingo zela, zein izango zen kokapen berria, eta lekuz aldatzean bi bulegoetako langileak nahastuko ginela.

Behin esparrua definituta, langile guztiak bulego berrietara gonbidatu genituen (egun, soilik bi solairu daude hutsik), eta taldeko dinamikako bi saio egin genituen, K2K Emocionandok zuzenduta, kontuan izan beharreko alderdirik garrantzitsuenak definitzeko; esate baterako, eraginkortasuna eta bezeroekiko arreta, langileen zoriontasuna, transmititu beharreko irudia eta balioak, mugikortasuna, atsedena edo ergonomia, besteak beste. Halaber, prozesuaren arriskuak eta arrakasta-adierazleak identifikatu genituen.

Lanaren emaitzaren berri izan zuten langile guztiek, eta, informazio hori eskuartean genuela, diseinu-estudio batekin harremanetan jarri ginen aurreproiektu bat diseina zezan. Era berean, kontraste-talde bat sortu zen arlo eta bulego guztietako ordezkariekin, eta, behin planoak eginda, partekatu eta ekarpenak egin ziren, hasierakoetan aldaketak sartuz.

Parte hartutako pertsona guztiek adostutako plano horietan oinarrituta, obra-proiektua eta egikaritzeko proiektua kontratatu dira. Une honetan, behin betiko proiektua egiten ari gara obraren egikaritze-lanak lizitatu ahal izateko.

Nork hartu du parte prozesu honetan eta zenbat denborakoa izan da akonpainamendua?

URAk langile guztiak gonbidatu zituen bulego berrietan egindako saioetara; lehendabizi, bi bilera egin genituen zuzendaritza-taldearekin helburuak eta proiektuaren mugak identifikatzeko eta parte-hartzaileei komunikatzeko eta informazioa emateko elementuak ezartzeko. Ondoren, bi lanaldi egin genituen plantilla osoarekin, eta informazio e-mailak eta inkestak bidali ziren Agentziaren sail guztietara; azkenik, prozesuaren emaitza partekatu zen kontraste-taldearekin egindako lan-saio batean.

Parte-hartzea altua izan da, %75-80 ingurukoa. Eta kontraste-taldea sail, maila eta bulego guztietako 15 bat pertsonak osatu dugu.

Oficinas URA

 

Zure ustez, zein izan da prozesuaren balio-ekarpena?

Nire iritziz, garrantzitsuena izan da pertsona guztiei aukera eman ahal izatea haien lana ondo egiteko benetan zer behar duten adierazteko, espazioari, gela irekiei, erlaxatzeko zonei, argiari, ergonomiari eta abarri dagokienean. Pertsona guztiak proiektuaren parte gara, eta era honetan gaiak mahai gainean jarri ahal izan ditugu, beste era batera beharbada kontuan hartuko ez genituenak.

Nire ustez, pertsonak erabakien partaide sentitzen bagara eta proiektua geurea bezala hartzen badugu, askoz ere hobeto erantzuten dugu. Guztioi gustatzen zaigu kontuan hartuak izatea eta bizitzako edozein eremutan gu entzutea.

Espero ez zenituen gauzak gertatu al dira? Zer aurkitu duzu?

Proiektua ilusio handikoa da, eta zure eguneroko lanean izugarri animatzen zaitu eskerrak emateak, parte hartzeko eta iritzia emateko aukera eman zaiela ikusten baitute. Uste dut ondo atera den lehen “esperimentua” izan dela, eta kontuan hartu beharko genukeela proiektu berrietarako. Argi dut erakunde guztietan garrantzitsuena pertsonak direla eta mugitzeko ardatza. Pertsonak kontuan hartzen badira, haiengan konfiantza izanez gero, askoz ere gusturago sentituko dira, eta, beraz, lana ondo egiteko konpromiso eta gogo askoz ere gehiago izango dute.

Nolakoa iruditu zaizu K2K Emocionandoren akonpainamendua?

Eskertzen dut K2K Emocionandoren laguntza, guretzat lan egiteko modu hori berria izan baita, eta taldeak esperientzi handia du era horretako dinamiketan. Aldi berean, oso hurbileko pertsonak dira, eta, duten esperientziarengatik, ondo ezagutzen dituzte sektore publikoaren mugak. Esperientzia aberasgarria izan da guztiontzat, baita hasiera batean lana egiteko modu horiekiko apur bat uzkurragoak zirenentzat ere.

About the Author

Avatar

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

MyanmarSpain