Erakundeak berrasmatzea hezkuntza-arloan

ByK2K Emocionando

Erakundeak berrasmatzea hezkuntza-arloan

Ander Deuna zuzendariaXabier Ugalde (Gernika, 1959) Sopelanako Ander Deuna ikastolaren zuzendaria da, euskal kultura ta euskara bultzatzeko historikoki konpromisoa hartutakoa. Ikastetxeak 50 urte beteko ditu, eta bertako hezkuntza-komunitatea 570 familiak, 943 ikaslek eta 130 langilek osatzen dute. Xabierrek 17 urte daramatza kooperatiba hau zuzentzen, eta, duela gutxi, hausnarketa estrategikoa egin du K2K Emocionandoren eskutik.

Xabier, zein unetan aurkitzen da Ander Deuna?

Ander Deuna aldaketa-garaian aurkitzen da, eta aldaketek, batzuetan, barnean tentsioak sortzen dituzte. Ander Deuna ikastetxe oso parte-hartzailea izan da. Hezkuntza-komunitatearen lotura emozionala garrantzitsua da; gurasoek eraiki zuten eraikina, eta Ander Deunan ikasitako askok beren seme-alabak ere hona ekartzea erabaki dute; badira ia bizitza osoa hemen igaro dutenak, bigarren hezkuntzara bitarte ikasten, eta, Unibertsitatearen ondoren, berriro Ander Deunara itzuli dira beste leku bat okupatuaz. Langileak, berriz, kooperatibako bazkideak dira.

Hasiera batean, eta denbora dezentean, kooperatiba eta hezkuntza bezala ondo funtzionatzeko oinarriak egokiak ziren, eta ondo ibili gara. Duela urte batzuetatik hona, aldiz, parte-hartze maila altutik kudeaketa zuzendaritza-taldearen eskuetan gehiegi uztera igaro gara. Gainera, bilakaera horretan, tirabirak sortu eta harremanak apur bat oztopatzen dira.

Une batean, bidea agortu genuela pentsatu genuen, aldaketa bat behar genuela, edo, gutxienez, hausnarketa bat egin behar genuela, nortzuk garen, zer nahi dugun, nora iritsi nahi dugun eta nola iritsi nahi dugun jakitearren. Hausnarketa estrategiko hori egiteko kanpoko laguntza behar genuen. Aukera ezberdinak kontuan hartu, eta gure beharrei ondoen erantzun zezakeena K2K Emocionando zela pentsatu genuen.

Nola hasi da hausnarketa estrategikoa?

Hausnarketa estrategikoa abian jarri dugu Harremanen Estilo Berriak (ner) proposatzen duen Sentitu-Pentsatu-Egin metodoaren bitartez. Lehen zatia, ‘Sentitzearena’, emozionalena da, eta hor ondorengoak landu ditugu: Ander Deunaren helburua, proiektuak duen zentzua, nolakoak garen edo ikastola bezala identifikatzen gaituzten balioak zeintzuk diren. Adierazgarria eta harrigarria izan zen ateratako ideiak errepikatzea hezkuntza-komunitatean; ikasleekin lan bera egitean ere alderdi oso antzekoak atera ziren. Argi eta garbi ikusten zen egunero bizitzen zen zerbait zegoela, eta hori partekatu egiten zela.

Ander Deuna duela 50 urte sortu zen ideia, printzipio eta balio batzuekin; orain ikusi dugu, eta niretzat oso harrigarria izan zen, helburu hori mantendu egiten dela eta dugun ideia orduko bera dela. Helburua da garrantzitsuena, erakunde bat markatzen duena. Jendea alda daiteke, baina helburuari eutsi egin behar zaio. Berriro gogora ekarri genituen ikastolan barneratutako balioak eta zergatik gauden hemen. Hori dela-eta, ‘Sentitzearen’ ideiak batu gaitu gehienbat, eta Ander Deuna gehien indartu duen ideia da.

Sentitzeak bidea uzten dio ‘Pentsatzeari’…

Jakina. Jakin badakigu zein den gure helburua, eta orain lan egitea egokitzen da, hori betetzeko: nola egingo dugun eta lantzen joateko zer falta zaigun. Ditugun egiturak eta baliabideak zaharkituak geratu dira, dagoeneko ez baitie erantzuten komunikaziorako, informaziorako eta parte hartzeko behar berriei. Beraz, gure premietarako egokiagoak diren egitura berriak berriz formulatu eta sortu behar ditugu.

Horietako egitura batzuk, adibidez, Batzar Orokorra, kooperatiba batean erabakiak hartzeko ezinbestekoa dena, tirabirazko gune bat izaten ari zen. Modu horretan, gune hori berriz formulatzea pentsatu genuen, ospakizun, onespen, konfiantza eta elkartze une bilakatzeko;  gainera, gizartearengana irekitze aldera, publikoa izan behar zuela erabaki genuen.

K2K Emocionandok proposatuta, egitura berria sortu dugu; hau da, Bazkide Batzordea, bazkideak ikastolako gobernu-organoekin (Zuzendaritza Batzordea) eta kudeaketa-organoekin (Pilotaje-taldea) biltzeko aukera izan dezaten. Informazioa partekatzeko, zalantzak edo kezkak argitzeko edo Batzar Orokorrera eraman behar diren gaiak planteatzeko unea da. Zati hori jada abian jarri dugu, eta asko aurreratu da, nahiz eta oraindik apur bat gehiago jardun beharra daukagun.

Hausnarketa estrategikotik abiatuta, Pilotaje Taldea ere sortu da, hausnarketa-prozesutik gehien garatu dugun egitura. Organoak ikastolaren jarduera kudeatu behar du, eta bertan ordezkatuta daude arlo guztiak: eskolaz kanpoko jarduerak, autobusa, jangela, idazkaritza, pedagogia, zuzendaritza, mantentzea, informatika,… 10 edo 12 bat pertsona elkartzen gara hilabetean behin. Pertsona bakoitzak bere erantzukizun-zatia ematen du, baina pertsona guztiak tartean sartuta daude, eta gai guztiei buruzko informazioa dute: teknologia, kontratuak, nominak, hitzarmenak, e.a. Informazioa jada ez du zuzendariak bakarrik, baizik eta mundu guztiak. Aktak, materialak, eta abar, denen aurrean partekatzen dira, edozein langilek ikusteko aukera izan dezan. Niretzat garrantzi handia du Pilotaje Taldeak, eta horren buru izatea dagokidala uste dut. Horrela, ahalik eta ondoen egiten ahalegintzen ari naiz, esperientzia horretatik ikastearren.

Nola kudeatzen da parte-hartzea Ander Deunan?

Parte-hartzeari garrantzi handia ematen diogu Ander Deunan, eta hausnarketa-prozesu honetan landu dugun gaietariko bat da. Oro har, jendea ezkorra izan ohi da parte-hartzearekin, baina ni baikorra naiz. Lehen, ikastolan, ez zegoen kooperatibistaren kuotarik; kuota pertsona bakoitzak egiten zuen lana zen, erkidegoari eskaintzen zitzaion denbora. 2000. urtean, dinamika hori aldatu egin zen, jende askok lan hori ezin zuela egin esaten baitzuen, nahiz eta, egun, bazkideen herenak zaintza-lana egiten jarraitzen duen jolastorduetan, jangelan, liburutegian, edota garbiketa-lanak egiten.

K2K Emocionandorekin asko ikasi dut, batez ere zer ez dudan egin behar ikasi dut. Aurrean aipatu moduan, proiektu bakoitza zuzendaritzaren eskuetan uzten joan da, eta hori mantendu ezin dezakegun  zerbait da. Familiei, pertsona guztiei lagundu behar diegu, interesatzen zaizkien ekimenak aurrera eramateko. Esate baterako, mendia gustuko duen familia-talde bat sortu da, eta mendiko talde bat bultzatzera animatu dira, 15 egunetik behin irteerak antolatuaz nahi duten pertsona guztientzat. 570 familia artean ezagutza eta gaitasun handia dago edozein proiektu-mota jorratzeko.

K2K Emocionandorekin argi ikusi dut proiektuak babestu eta bultzatu behar ditugula autokudeatutako taldeen bitartez. Ideia oso interesgarria da, batetik, familien interesak artatzen dituzten ekimen gehiago egin daitezkeelako, eta, bestetik, ikastolakoa izatearen sentimendua indartzen delako. Lehen, eskatutako guztiari erantzuna ematen ahalegintzen nintzen, baina hori ezinezkoa zen, eta frustrazio handia sortzen zuen.

Zer-nolako eragina du informazioaren transmisioak hezkuntza-komunitatearen inplikazioan?

Jendeak parte hartzeko funtsezko gakoetariko bat da informazioa ematea; jendeak informatuta egon behar du. Aldi berean, berriz, kontuan izan behar da informazio gehiegi emateak ez duela komunikatzen; hortaz, garrantzitsua da komunikazio-segida kontrolatzea, eraginkorra izan dadin.

Gaur egun, familiekin harremanetan jartzeko, posta elektronikoa erabiltzen dugu, web orrialdeko zona pribatuan ikasleei buruzko informazio guztia eskura daiteke, eta zentroak ere jakinarazpenak egiten ditu. Normalean, guk ematen diegu informazioa familiei, baina bazkideekin era presentzialean harremanetan jartzeko bideak ere bilatu behar ditugu, gurekin soilik posta elektronikoz komunika ez daitezen.

Hausnarketa interesgarri honetatik sortutako beste jokabide bat da —nahiago nuen duela hiruzpalau urte egin izan bagenu— bazkide boluntarioen taldea sortzea, nolabaiteko antzinatasuna duten bazkideena, bazkide berrien laguntzaile gisa eta haiei ikastolaren kultura, historia, balioak, e.a. transmititzeko.

Nork hartu du parte hausnarketa estrategikoan?

Pertsona guztiek parte hartu ahal izan dute hausnarketa estrategikoan. Bilerak egin dira langileekin, zuzendaritza-batzordearekin, familiekin eta ikasleekin. ‘Sentitu’ fasea lau urtetik 18 urtera bitartekoekin landu da, eta hausnarketa oso interesgarriak bildu dira marrazkien, testuen eta baita bertsoen bidez ere. Esperientzia oso ederra izan da. K2K Emocionandok tailerrak prestatzen zituen klaseetan irakasleekin garatzeko. Halaber, ikasle zaharrenek parte hartu dute ‘Egin’ fasean, haien ustez zein alderdi landu edo sakondu behar ziren jakitearren. Batzuetan ahaztu egiten zaigu ikasleak direla proiektu honen gune, eta, haiei  galdetzean, gehiago parte hartu nahi dutela esan digute, adibidez, ordutegiak edo jangelako dieta bezalako gaiak definitzerakoan.

Hausnarketan parte hartu duten pertsonek aldatu beharra ikusi dute. Niri dagokidanean, berriro kokatu naiz; alegia, lan egiteko modua aldatu beharra ikusi dut. Jada sentitu eta pentsatu duguna egin beharra daukagu. Pertsonen %88ak hausnarketa horretatik egindako proposamenak onartu ditu, aurkako boto bakar bat izan gabe. Proiektua bultzatzeko alderdi oso garrantzitsua izan da, eta, orain, jarraitu behar dugu, lehengo bizioetan erori gabe.

Nola emango dio aurre Ander Deunak etorkizunari?

Oso baikorra naiz Ander Deunarekin; proiektu oso interesgarria da, gizarteari eta herrialde honi emateko asko duena, hezkuntzaren, gizartearen eta lanaren ikuspegitik. Une honetan, aldaketa-garaian aurkitzen gara, trantsizio-garaian; lehengoak jada ez digu balio, eta pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu harremanen estilo berria ezartzen. Dagoeneko partekatzen dugun helburuan ardaztea lortzen badugu, gure eguneroko lanean, garatzen ditugun jardueretan eta gure elkarbizitzan islatu dadin, etorkizun oso ona izango du eskola-komunitate osoak. Bete-betean sartu behar dugu ‘Egitean’, eta hori geuk egin behar dugu. Nire ustez, asko merezi du ikastola honen alde lan egiteak.

Nola baloratzen duzu K2K Emocionandoren laguntza?

Hausnarketa estrategiko hori egitea egokitu zaigu tentsio-egoera handian, eta K2K Emocionandok gu gidatzen jakin du. Taldea gai izan da gu denok batera lanean jartzeko, guk geuk hausnartzeko, elkarrekin aritzeko, eta horretarako arauak ere eman dizkigu. Beharbada beste testuinguru batean hori errazagoa izango zen, baina lan egin behar izan dugu bakoitzak nahi zuena adierazi ahal izateko konfiantza eta lasaitasun giroan. K2K Emocionandoren laguntza izaten jarraituko dugu urratsak ematen jarraitzearren. Orain, ez dago atzerako martxarik.

anderdeuna

About the Author

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

EUS ES