Zer arraiogatik oinarritu behar du erakundeak pertsonengan, eta ez beste zerbaitetan?

ByK2K Emocionando

Zer arraiogatik oinarritu behar du erakundeak pertsonengan, eta ez beste zerbaitetan?

Duela egun batzuk post bat idatzi genuen, gure esperientziatik, honako hau azalduz: ‘Zer da pertsonengan oinarritutako erakunde bat?’

Irakurri ostean, baliteke batzuek pentsatu izana, ederki, ondo dago, polita da, interesgarria, ukitu utopikoa du, ziurrenik, baina tira, “politikoki zuzena den joera” horretatik harago, benetan Zer arraiogatik oinarritu behar du erakunde batek pertsonengan, eta ez beste zerbaitetan?

Tradizionalki guri asko gustatzen ez zaigun argudio bat eman ohi da, utilitarismoan soilik oinarritzen den argudioa, honetan oinarrituta: “behiak zoriontsu direnean esne gehiago ematen dute”, hau da, erakundeek pertsonengan oinarritu behar dute modu horretan bertako pertsonak produktiboagoak izango direlako, eta hala, etekin handiagoa izango delako.

Argudio bakarra hori izatearen arazoa honako hau da: zer gertatuko litzateke “behiak esklabo direnean esne gehiago ematen dutela” ikusiko bagenu? Orduan, ondo irudituko litzaiguke esklabotza berriz ezartzea? Tira, badakigu muturrera eraman dugula, baina utilitarismoak arazo hori du, argi eta garbi.

Gure ustez, hiru argudio osagarri daude erakundeak pertsonengan oinarrituta egon behar dutela pentsatzeko:

1.- Argudio ETIKOA

Pertsonak ez gara gauzak, ez gara giza baliabideak, ez gara kostuak, ez gara erabili eta botatzekoak… Pertsonok duintasuna dugu eta ezin gaituzte gauzak bezala tratatu eta laneskura soilik murriztu. Etika soila hartuta, utilitarismoaz harago, argi izan beharko genuke enpresa erakundeek gizaki guztiok dugun duintasun horren arabera jokatu beharko dutela. Duintasun hori modu irekian eskatzen dugu gainerako eremu sozial eta politiko guztietan, baina badirudi erakundeetako kultura tradizionalean ez duela lekurik.

2.- Argudio PRAKTIKOA

Tradizioz, enpresa erakunde bikainaren eredu izaten zen, produktu ona, merkatu zabala eta bitarteko produktibo onak zituen erakundea. Hori erakundearen ikuspegi arrazional soila da. Esaterako, kopa eta pintxo onenak ateratzen dituzten taberna bat hartzen badugu, hiriko leku onean, eta lokal bikainarekin, arrakasta ziurtatua izango duen taberna bat dugu buruan… baina agian ez.

Badago arrazionalarekiko osagarria den beste ikuspegi bat ere, balioekin, emozioekin, konpromisoarekin eta inplikazioarekin, harreman pertsonalekin lotuta dagoena, eta aurrekoa bezain garrantzitsua dena.

Lehen aipatu dugun taberna berarekin pentsatzen jarraitzen badugu, eta jabeak piratak direla gehitzen badiogu, bezeroak, hornitzaileak eta langileak engainatzen saiatzen direla etengabe, zerbitzariak egun osoan elkarren artean ika-mikan dabiltzala bezeroen aurrean, gutxi axola zaiela tabernan gertatzen dena eta lanaldia amaitzea besterik ez dutela buruan… agian ez dugu hain argi izango taberna horrek arrakasta izango duenik.

Era berean, beste taberna honek ere ez du arrakastarik izango: jabeak eta zerbitzariak guztiz konprometituta daude, ederki konpontzen dira, gardenak dira, arduratsuak, atseginak eta abar, baina taberna sarbiderik gabeko eremuan dago, lokal itxuragabe batean eta zerbitzatzen duten produktua oso txarra da.

hemisferios

Erakundearen bi hemisferioen konbinazio egokiaren emaitzak ekarriko du bezeroaren asebetetzea, eraginkortasuna, eta beraz, etekin ekonomikoak. Hau da, arrakasta iraunkorra bi hemisferioen konbinazioak dakar, ez arrazionalarenak bakarrik, ohikoa izaten den moduan. Gertatzen dena da beste hemisferioa ezin dela behar bezala aktibatu erakunde tradizionalean, erakunde hori espresuki alderdi arrazionalean eta horretan bakarrik oinarritzeko diseinatuta baitago, eta beraz, hori aktibatu ahal izateko, ezinbestean erakundea pertsonengan oinarritu behar dugu, horiek ekar baititzakete balioak, konpromisoa, sormena eta barne harreman onak.

3.- Argudio ENPIRIKOA

Hirugarren argudioa funtsean utilitarista da, esperientziak eta adibideek frogatu baitute pertsonengan oinarritutako estilorantz eraldatzen diren erakundeek epe ertain eta luzean arrakasta gero eta handiagoa lortzen dutela, arrakasta hori ikuspegi ekonomiko-finantzariotik ulertuta. Pertsonengan oinarritutako erakunde batek izaten ditu arazoak eta zailtasunak, bistan denez, baina gaitasun askoz gehiago ditu horiek gainditzeko tradizional batek baino, eta hortxe du indargunea.

Ziurrenik hiru argudio horietako bat ere ez litzateke nahikoa izango erakunde batek pertsonengan zergatik oinarritu behar duen esateko, baina hiruren konbinazioak nik uste argi eta garbi zehazten duela arazoa.

About the Author

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

EUS ES