2018. urtea oso berezia izan zen K2K Emocionandorentzat. Urte hartan, ilusio handia eman zigun enkargu bat jaso genuen: Harreman Estilo Berriaren balioak Enkarterri eskualdeko enpresetan inplementatzea. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bultzada Planaren barruan, udalekin eta bertako eragileekin koordinatuta, aukera izan genuen, lehenengoz, proiektu bat martxan jartzeko, ordurako existitzen zen industria-sarea sendotu eta finkatzeko eta, era horretan, eskualde baten jasangarritasuna bermatzeko helburuarekin.

Enkarterri Euskadiko lekurik zabalena da: 10 populazio-gune eta 32.000 biztanle ditu, eta euskal industriaren sorlekua izan zen XIX. mendearen bigarren erdian. Azken urteotan, krisiak gogor jo du bailara, haren garapenari eta enpresa-sarearen lehiakortasunari eragin dio, eta ziurgabetasuna sortzen duten langabezia-datuak utzi ditu. Parean erronka hori genuela, lanean hasi ginen, lau ekintza-ildotan:

  1. Diagnostiko bat eta hobekuntza-plan bat lantzea gure ORBICO metodologiarekin (ORganizaciones para el BIenestar COmún; Ongizate Komunerako Erakundeak). 19 erakundetan gauzatu zen, hau da, eskualdean 20 pertsonak baino gehiagok osatzen dituzten ia enpresa guztietan.
  2. 10 saioko eraldaketa-tailer bat eta pertsonalizatutako tutoretza bat egitea 20 pertsona baino gutxiagoko dozena bat enpresarentzat.
  3. ORBICOtik eratorritako hobekuntza-plana inplementatzen laguntzea eskualdeko 11 enpresatan –zeinetan, guztira, 350 pertsona baino gehiago dauden–.
  4. Enpresa- eta ekonomia-esparruekin lotura duten tokiko eta eskualdeko entitateekin koordinatzea.

Proiektu horrek aukera eman zigun aurreko kapituluan deskribatutako zerbitzuen gehikuntza gauzatzeko, ondoren Madril, Katalunia eta Portugalen ere arrakasta osoz egin dugun bezala. Oro har, industria tradizionalaren eremuko enpresek hartu zuten parte: galdarategiak, trokelgintzako enpresak, mekanizazio-enpresak, muntatzaileak, harrobiak, baita elektronikaren esparruko mundu-mailako liderrak ere. Gehienak familia-enpresak dira, ondo ezagutzen dute produktua, eta harreman ona dute bezeroekin. Eta, horrez gain, hobetzeko tarte zabala dute kudeaketa-moldeei dagokienez, eta, bereziki, pertsonak erakundean murgilarazteko moduari dagokionez.

Proiektuaren eragina enpresetan eta eskualdean igarri da. Une hartan, bideo honetan jaso nahi izan genituen parte-hartzaileen ahotsak, inspirazio- eta adore-iturri izan zitezen, eta beste era batera lan egitea enpresa handien edo Silicon Valleyko teknologia-enpresen kontua bakarrik ez dela erakusteko.