Zure gustuko enpresak lan egiteko eta enpresa horien 8 ohitura (eta nola jarri praktikan)

ByK2K Emocionando

Zure gustuko enpresak lan egiteko eta enpresa horien 8 ohitura (eta nola jarri praktikan)

change k2k emocionandoHonako hau Corporate Rebels taldeak idatzitako artikuluaren itzulpen oso askea da. Corporate Rebels pertsona-taldearekin harreman ona dugu, eta, K2K Emocionandon egiten dugun moduan, enpresa-erakundeak aldatzen eta gizakiagoak, iraunkorragoak eta eraginkorragoak izan daitezen lan egiten dute. Artikuluan, modu erraz eta praktikoan deskribatzen dituzte munduko puntako enpresetan antzemandako 8 joera. Horietako praktika asko K2K Emocionando enpresan ondo ezagutzen ditugu; izan ere, aldatu nahi duten erakundeetan eta aldaketa-prozesu horretan gure laguntza jasotzen dutenetan ezartzen dugun Harremanen Estilo Berriaren berezko zati dira.

Artikulua blog honetan ohikoa dena baino apur bat luzeagoa da, baina, oso interesgarria denez, osorik kopiatuko dugu:

“Aste honetan The Huffington Post-erako idatzi dugun artikulu honetan, munduko lantokirik inspiratzaileenak bisitatzerakoan antzemandako 8 joera nagusi deskribatzen dira.

Konbentzitzeko moduko frogen arabera, lanerako leku erakargarriak sortzen ahalegintzen diren erakundeek aurrera egiteko aukera gehiago izaten dute. Azken 14 hilabetetan, 50 enpresa aitzindari baino gehiago bisitatu ditugu, eta behin eta berriz erakutsi digute nola sartu behar diren langileak tartean, eta, beraz, erakunde bezala nola aurrera egin behar den. Lan egiteko modu berri eta hobetu hau ikusteko eta horretara iristeko, gure buruetatik kendu behar ditugu kudeaketa-paradigma zaharrak; hots, agintea eta kontrola bezalako egituretan oinarritzen direnak, ikuspegi erabat ezberdina eskatzen duen garai honetan. Koadro erabat berria margotzeko garaia da, langileen potentzial guztia askatzen oinarritutako koadroa, modu horretan erakundeak libre gera daitezen langileen deskonexio-maila altuetatik.

1- ONURATIK ASMO ETA BALIOETARA
Zer egin?
Lanean helburua edo edukia aurkitzeak goizean ohetik jaikitzeko energia, grina eta motibazioa ematen du. Egiteko inspiratzaileak burokrazia, konpartimentu hermetikoak eta ego pertsonalak gainditu ditzake, erakundearen potentzial guztia askatzen laguntzearekin batera. Egiteko argiak eta inspiratzaileak berekin dakar partekaturiko balioen multzoa; hau da, gure lankideengan kontuan hartzen ditugun portaerak eta trebetasunak.
Nola iritsi horretara?
a. Helburu argi eta garbia landu behar da, erakundearen barnean pertsona guztiak elkartzeko eta aktibatzeko.
b. Helburu hori arlo, talde eta pertsonengana eraman behar da. Arauen eta protokoloen ordez, balio argiak jarri behar dira.

2. HIERARKIA-PIRAMIDETIK TALDEEN SARERA
Zer egin?
Hierarkia-piramide nagusia eraitsi eta lanaren izaera aldakorrak rolen eta taldeen egituran modu erraz batean eragiten utzi behar da. Pertsonei biltzen utzi behar zaie, talde anitzeko kide bezala lan egiten utzi, testuinguru askorekin, erakunde tradizionalen zentzurik gabeko “punteaketa-lerro” okerretik haratago joanaz. Ongi etorri taldeen sarera.

Nola iritsi horretara?
a. Diziplina anitzeko taldeen sarea sortu behar da, helburuaren emaitza gisa, eta sare horrek berak bultzatu behar ditu.
b. Taldeei beren emaitzen erantzukizuna eman behar zaie, emaitzan (finantza) partaidetza ematearekin batera.

3. ZUZENDARITZA-LIDERGOTIK LAGUNTZA-LIDERGORA
Zer egin?
Aginte-katean erabakiak bultzatzeari utzi behar zaio. Horrek adimen kolektiboa deskuidatu eta bezeroarengandik hurbilago daudenak desaktibatzen ditu. Lider inspiratzaileenek egiteko bat diseinatzen dute, egiteko horrekin kontsekuenteak dira, eta jarduteko inspiratzen dira. Aginteak jada ez du loturarik kokapen hierarkikoekin, adibidearekin lidergoa lantzeko gaitasunarekin baizik eta taldeak eraikitzeko eta gidatzeko ahalmenarekin, gora egin dezaten.
Nola iritsi horretara?
a. Hautsi itzazu bolizko dorreak eta utzi alde batera status-ikurrak, laneko tituluak eta pribilegioak.
b. Ez uste izan gehien dakizunik; galdetu gainerakoei zer behar duten aurrera egiteko.

4. AURREKONTUA ETA PLANGINTZA EGITETIK ESPERIMENTATZERA ETA EGOKITZERA
Zer egin?
Epe luzerako plangintza estrategikoa eta aurrekontu-plangintza etorkizuna aurreikus dezakegunaren sinesmen zaharkituan oinarritzen dira. Utzi alde batera zure iragarpen zorrotzak eta hasi zure eguneroko lanean esperimentatzeaz gozatzen. Esperimentatu, ikasi eta egokitu. Eta ez izan beldurrik hanka sartzeari, prozesuaren zati garrantzitsua da-eta.
Nola iritsi horretara?
a. Esperimentazioa sustatu behar da, ikusgai egin eta baloratu.
b. Arrakastak ez ezik, porrotak ere komunikatu; adibidez, “Fuck-up night” batean.

5. ARAUETATIK ETA KONTROLETIK ASKATASUNERA ETA KONFIANTZARA
Zer egin?
Bertan behera utzi aginte eta kontroleko egitura zaharrak, utzi pertsonei modu autonomoan lan egiten eta konpainiaren interes onenaren alde jokatuko dutela uste izan. Askatasun hori, ordea, ez da noranzko bakarreko bidea. Askatasun-maila handiak erantzukizun-maila handia eskatzen du beti.
Nola iritsi horretara?
a. Alde batera utzi arau gehienak eta askatu jendea egitura kontrolatzeko mekanismoetatik.
b. Utzi jendeari erabakitzen nola, non eta noiz lan egin.

6. AGINTE ZENTRALIZATUTIK AGINTE BANATURA
Zer egin?
Helburua da agintea pertsonei eta taldeei banatzea, etengabe egoki daitezen azkar aldatzen doan enpresa-ingurunera. Zure langileek erabaki zuzenak hartuko dituztela espero izan. Kontuan izan erabakiak hartzeko erantzukizunak emaitza lortzeko erantzukizuna dakarrela.
Nola iritsi horretara?
a. Organigraman agintea ahalik eta gehien beherantz bultzatu.
b. Hartu erabaki hobeak “aholku bidezko erabakiak” sistemaren bitartez.

7. SEKRETUTIK ERABATEKO GARDENTASUNERA
Zer egin?
Saihestu sekretua; araua gardentasuna izatea landu, gauzengatik galdetzeko premiarik gabe. Sistemaz denak publikoa izan behar du. Lortu datuak denbora errealean, eta jendeari eman informazio zuzena une egokian, erabakiak azkarrago eta zehatzago hartze aldera. Ez izan lotsatia eta aprobetxatu teknologiaren ahalmena.
Nola iritsi horretara?
a. Enpresa osoari utzi datuak, dokumentuak, finantzak eta bestelako informazioa eskura izaten.
b. Bultzatu gardentasuna pertsona guztiekin egindako batzarren eta bileren bitartez.

8. LANAREN DESKRIBAPENETATIK TALENTUETARA ETA BIKAINTASUNERA
Zer egin?
Zure erakundean dauden trebetasun eta talentu ezberdinak hobeto erabili behar dira. Desegin lantzen diren unetik zaharkituak geratzen diren laneko deskribapenak. Utzi jendeari gustatzen zaizkion lanak eta haien interes, talentu eta indarretara ondoen egokitzen direnak egiten. Ona dena egiteak motibazioa eta konpromisoa areagotzen ditu.
Nola iritsi horretara?
a. Utzi jendeari bere egitekoak eta erantzukizunak hautatzen. Utzi lana lantzen eta moldatzen.
b. Erakundea diseinatzeko, kontuan izan jendeari hazten uzten dion talentu-eredua”.

Aldatzeko garaia da eta ez dago bide hori bakarrik egin beharrik. Hitz egingo al dugu?

About the Author

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

MyanmarSpain