Autogestioaren oinarrizko 10 egitura gure nerbyK2K-en arabera (2)

Avatar ByK2K Emocionando

Autogestioaren oinarrizko 10 egitura gure nerbyK2K-en arabera (2)

Askatasuna eta erantzukizuna, irizpide orokorrak eta erabakiak hartzeko onespena.

Artikulu-sorta honetan antolakunde autogestionatu bat eraikitzeko behar diren oinarrizko egiturak aipatzen jarraituko dugu, K2K Emocionando-n harreman-molde berria jorratzen dugun eraren arabera, hau da, gure “nerbyK2K”-ren arabera. Artikulu honetan autogestioaren egiturarik garrantzitsuenetako batez jardungo dugu: erabakiak hartzeko modua.

Ez ditzagun geure buruak engaina: antolakunde hierarkikoek duten arrakasta izugarriaren arrazoietako bat (arrakasta, eredu horren zabalkundeari erreparatzen badiogu) erabakiak hartzeko sistema oso argi, erraz eta azkarra izatea da: “azken hitzaren” metodoari jarraituz hartzen dira erabakiak, hots, pertsona bakarrak du, azken beltzean, erabakia hartzeko erabateko ahalmena. Eta zenbat eta hierarkiaren piramidean gorago, orduan eta arlo gehiagotan erabili ahal izango dut nire “azken hitza”.

Haatik, metodo hierarkikoaren argitasunak, erraztasunak eta arintasunak eraginkortasun-falta handia ere eragiten dute (norbaitek erabaki bat hartzea kontu bat da, eta beste bat, oso bestelakoa, hura betetzea), baita blokeatzeko berezko joera (oso pertsona gutxik gero eta erabaki gehiago hartzen dute, eta horrek trabak eta paralisia sortzen ditu) eta erabaki txarrak hartzekoa ere (informazio nahikorik ez izateagatik, beldurrak eragindako informazio txarragatik, kontrapisu eta kontrasterik gabeko erabakiengatik, etab.). Sisteman holako akatsik egon ez dadin “adabakiak” martxan jartzeko saiakera egin ohi da; esaterako, ordezkaritza-sistemak, iritzia eskatzea bozketen bitartez edo proposamenen eta iradokizunen bitartez, etab.

Autogestionatutako egitura baten oinarrizko printzipioa askatasunari eta norberaren erantzukizunari lehentasuna ematea da, antolakunde edo talde osoak objekziorik gabe adostutako esparru edo irizpide nagusien barruan. Itxuraz konplexuagoa da sistema hierarkikoa baino, baina berehala ohartuko gara ez dela hala, eta are gehiago, erabakiak hartzeko oso modu eraginkorra dela.

Badago oinarrizko sinesmen bat, sistema hori abian jartzeko beharrezkoa dena: pertsonok, informazio egokia dugun askatasunezko eta erantzukizunezko testuinguru batean, ahalik eta erabakirik onenak hartzen saiatzen garela, eta kolektiboki egiten dugunean, norberaren onura ez ezik, taldearena ere lortu nahi dugula.

Beraz, egitura autogestionatu batean, prozedura eta araudi xehe-xeheen ordez, jarduteko irizpide eta esparru orokorrak finkatzen ahaleginduko gara, eta gero pertsona bakoitzaren eta talde bakoitzaren askatasunari eta erantzukizunari utziko diegu “partidua jokatzen”, geure buruari ezarri dizkiogun arauen arabera.

Irizpide orokor horiek definitzeko funtsezko 3 elementu izango ditugu kontuan:

    • Erabaki bat hartzeko, nahitaez, erabaki horrek zuzenean eragingo dien edota praktikan jarri beharko duten pertsonek edo taldeek hartu behar dute parte. Batzuetan ahotsa eman beharko diegu, zuzenean edo zeharka, antolakundekoak ez diren pertsonei; esate baterako, bezeroei, hornitzaileei, aliatuei edo gizarteari oro har.
    • Gainera, erabakiak globalki eta epe luzean aurrez zegoen egoera hobetu dezan behar diren informazioa eta iritzia eman beharko dute beste pertsona edo talde batzuek.
    • Erabakiak gardentasunez azaldu eta jakinarazteko modukoa izan behar du; hala ez bada, erabaki hori ez da modu egokian hartu.
    • </ul style=”color: #727272; font-family: ‘Open Sans’; font-size: 15px; font-weight: 400; letter-spacing: 0.2px; line-height: 27px; margin: 0 0 20px;”> Egitura autogestionatu batean irizpide orokorrei buruzko erabakiak hartzen ditugunean, onespenaren metodologia erabiliko dugu etengabe

[1]

    • , hau da, ez dugu bozkatuko alde batek (aurka bozkatu dutenek) erantzukizunik eza senti dezan hartutako erabakiarekiko, eta era berean, ez dugu kontsentsua bilatuko pertsona guzti-guztiak erabakiarekin guztiz ados egotera behartuz. Honako baldintzak betetzen dituen erabakia lortzen saiatuko gara:

      • Gaur egun duguna baino hobea izan dadila, erabateko eta behin betiko irtenbidea ez bada ere.
      • Saiatzeko arriskua, zentzuz jokatuta, onargarria izan dadila.
      • Parte hartu behar duten pertsona edo taldeek oztoporik ez jartzea. Azken batean, helburua ez da alde guztiak ados egotea, desadostasunik egon ez dadila baizik. Eragozpen bakarra nahikoa da proposamena erabaki ez bihurtzeko, eta aipatutako eragozpen hori gainditzeko edo konpontzeko modua bilatu behar izateko.

Adostutako esparru orokor horien barruan, pertsona eta talde bakoitzak askatasunez eta erantzukizunez dihardute, erabakiak zuzenean hartuz, aldaketak proposatuz beharrezkoa bada, doiketak eginez eta hobetuz.

[1] Onespen-mota horretako kontzeptu asko onespen soziokratikotik hartuta daude, nahiz eta metodologia ez den erabiltzen soziokrazian egiten den modu berberean.

[NER BY K2K, K2K Emocionando taldetik ner gainean egiten dugun aplikazio zehatza da. Harremanen estilo berria (ner) erakunde asko beren kabuz abian jartzen ari diren ideien, balioen eta irizpideen multzoa da. Beste era batera ere dei daitezke, eta, beraz, ez dira K2K-ren “jabetzakoak”, nahiz eta guk ner hori zabaltzeko gure modu propioa izan, #nerbyK2K deitzen duguna].

About the Author

Avatar

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

MyanmarSpain