Autogestioaren oinarrizko 10 egitura gure nerbyK2K-en arabera (3)

Pablo Aretxabala ByPablo Aretxabala

Autogestioaren oinarrizko 10 egitura gure nerbyK2K-en arabera (3)

info

Informazioaren eskuragarritasuna

Artikulu-sorta honetan antolakunde autogestionatu bat eraikitzeko behar diren oinarrizko egiturak aipatzen jarraituko dugu, K2K Emocionando-n harreman-molde berria jorratzen dugun eraren arabera, hau da, gure “nerbyK2K”-ren arabera. Artikulu honetan autogestioaren beste egitura oso garrantzitsuetako batez hitz egingo dugu: informazioaren eskuragarritasuna.

Ez dago autogestiorik antolakundeko pertsona guztiek erabakiak hartzeko askatasuna eta erantzukizuna izan ezean, eta hori ezin daiteke gertatu informazioa eskuratzeko aukera aske eta arduratsurik gabe, hau da, gardentasunik gabe. Lehenik eta behin, nabarmendu beharra dago gardentasuna konfiantzaren aurrebaldintzetako bat dela: antolakundea osatzen duten pertsonak errazago fidatuko dira hartaz gune ilunik ez badago, dena agerian badago, ezer ezkutatzen ez bada. Eta konfiantza nagusi den antolakunde bat primerako eremua da autogestiorako.

Gainera, gardentasuna oso pizgarri egokia da erabaki onak hartzeko; sarritan hartzen ari garen erabakiaren okerraz jabetuko gara zaila iruditzen zaigulako argitara ematea, eta hori “bederatziaren proba” moduko bat izango da gure erabakiak hartzeko garaian. Benetako gardentasuna izateak esan nahi du antolakundeko pertsona guztiek erraz eta zuzenean eskura dezaketela informazioa, bereziki beren egitekoak betetzeko haren beharra dutenek, baina interesa duen beste edozeinek ere bai. Horretarako, informazioa gardentasunez kudeatzeko tresnak eduki beharra dago, datuak askatasunez eskuratu eta ustiatzeko aukera eta guzti.

Bestalde, eskuragarritasunak informazioa ulertu ahal izatea ere badakar. Ulertuko ez badut, alferrik eskuratuko dut. Kasu horretan lana bikoitza izango da, alde batetik egiazko informazioa, ulerterraza eta behar adinako kantitatean eskura jartzea lortzeko, eta bestetik denbora eta baliabideak inbertitzea pertsonak hezten, informazio hori behar bezala interpretatzeko behar dituzten arloetan.

Jarduera ekonomikoa duen antolakunde batean, enpresa izan edo beste era batekoa izan, informazio ekonomiko eta finantzarioak berebiziko garrantzia du  erabaki egokiak hartzeko, eta hortaz, bereziki jorratu beharko dugun esparru bat da, benetan autogestionatuko antolakundea lortu nahi badugu. Horren ondorioz pertsona guztiekin partekatu eta haien eskura jarri beharko da mota horretako informazio guztia, eta modu erraz eta ulergarrian egin beharko da hori, behar beste denbora eskainiz antolakundeko pertsona guztiek halako gaiei buruzko ezagutza handiagoa izan dezaten. Aipa ditzagun informazio ekonomiko eta finantzarioari buruzko tip zehatz batzuk:

  • Kontabilitate analitikoko irizpideak erabili, lanaren errealitatean gertatzen denari ahalik eta gehien hurbiltzen zaion ikuspegia eman ahal izateko.
  • Koadro eta adierazle errazak osatu, hizkera berezirik gabe, ikuspegi osoa emango duten dozena erdi giltzarri aipatuz.
  • Adibidez, emaitza-kontu batean nahikoa izango da ekoizpen-datuak, mozkin gordina, gastu finkoak, emaitza eta cash Flowa jakitea. Hortik landa, eta behar izanez gero, informazio gehiago eskuratzeko aukera egon dadila adierazle bakoitzean zoom eginez.
  • Balantzeari dagokionez, garrantzitsuena, alde batetik, izakinen balorazio egokia eta zordunen zerrendaren “osasun” ona ezagutzea izango da, eta bestetik, zor finantzarioaren amortizazioaren etorkizunari buruzko proiekzioa.
  • Azkenik, diruzaintza-koadro erraz bat, bi ildo izango dituena: bata aurreikusten den diruzaintza, eta bestea beharrezkoa izango dena, 12 hilabeteko proiekzioa eginda, haren tentsioak identifikatu ahal izateko.
  • Informazio-mota hori konplexua da beti, eta horregatik, denbora luzea eman behar da argitzen eta pertsonak trebatzen. Datuak ematea ez da nahikoa, esplikatu egin behar dira, eta ez behin edo bitan, dozenaka aldiz baizik.

Azkenik, garrantzi handikoa da informazio hori guztia erantzukizunez erabiltzea.  Aurreko artikuluetan aipatu dugun bezala, abiapuntutzat dugu antolakundean dauden pertsonak arduratsuak direla eta, beraz, informazio hori barne-mailan baino ez dutela erabiliko eta modu eraikitzaile eta positiboan baliatuko dutelako ustea. Edonola ere, esandako hori argi adierazi eta maiz azpimarratu beharko dugu.

[NER BY K2K, K2K Emocionando taldetik ner gainean egiten dugun aplikazio zehatza da. Harremanen estilo berria (ner) erakunde asko beren kabuz abian jartzen ari diren ideien, balioen eta irizpideen multzoa da. Beste era batera ere dei daitezke, eta, beraz, ez dira K2K-ren “jabetzakoak”, nahiz eta guk ner hori zabaltzeko gure modu propioa izan, #nerbyK2K deitzen duguna].

About the Author

Pablo Aretxabala

Pablo Aretxabala administrator

Leave a Reply

MyanmarSpain