Munduko enpresarik onena

Avatar ByK2K Emocionando

Munduko enpresarik onena

Jaume Gurt (@JaumeGurt). Aholkulari independentea naiz, hizlaria eta Diseña tu futuro lanaren egilea. InfoJobs-eko zuzendari nagusi nintzela, ia “Teal” ezaugarrietako organizazio arrakastatsu bat sortu nuen.

Hitz hauek ez dira nireak, InfoJobs-en nirekin lanean ari den pertsona batenak dira. Gaur Open Offices saioa daukat Bartzelonan, hilabetean behineko ordu eta erdiko espazio bat, duela urtebete abiatu nuena. Denbora-tarte bat, edozein pertsonak InfoJobs-eko zuzendari nagusiarekin batera esertzeko aukera izan dezan, hitzordurik eskatu gabe, agendarik gabe, betebeharrik gabe, egon nahi izatearen borondate hutsarekin, zuk nahi duzunaz hitz egiteko, galdetzeko, ideiak ekartzeko, kritika konstruktiboak egiteko, zu zeu izateko.

Hasierak gogorrak izan ziren; bakarrik esertzen nintzen gure batzar-geletako batean eta lanari ekiten nion, bisiten zain, beirazko pareten artean, barruan gertatzen ari zenaren gardentasun hutsean. Gela baten sartuta lan egiten nuen une bakarra zen, hasierako asteetan ez baitzen inor agertzen. InfoJobs bulegorik gabeko enpresa da, eta arraroa suertatzen zen ni bertan ikustea.

Iristen lehenak bazuten zerbait komunean; denek zekartzaten kexak, zailtasunak, arazoak. Ongi hasteko, zarata gehien egiten duena hobetu behar dugu lehenen. Egoera konplexuenak izan ohi dira eta beti ez dago hobetzerik, baina, aldi berean, pertsonek gehien ikusi eta hautematen dituztenak dira, min gehien ematen dutenak direlako. “Arazo bat daukat etxean eta aste honetan bertan egon behar dut, konpontzen etor daitezen. Egun horietan etxetik lan egitea gustatuko litzaidake”. Momentu hartan oraindik ez geneukan horri buruzko idatzizko politika jakin bat. Benetako erronka bat zen, baina, borondatez, dena lor daiteke.

Emanez hasiz gero, beranduago jaso ahal izateko atea irekitzen da; aldaketa bat eragin eta lotura bat ezartzeko formula ia hutsezin bat.

Ordura arte ez zen enpresan sekula hainbeste entzun, inoiz ez zitzaizkion hainbeste hitz jarri hainbat gauza txiki eta handiri, hobe genitzakeenei; bitartean, konfiantzazko harremanak lotuz joan ziren zuzendaritza orokorraren eta bertatik pasa nahi izan zuten langile guztien artean. “Kaixo, zu hobeto ezagutzera nator, nire kideek oso ongi hitz egin didate zutaz”. Zein aukera PAREGABEA InfoJobs-en lanean ari diren pertsonak ezagutu eta nire burua sakon aurkezteko!

Norberak ezagutzen duenarekin hartzen du konpromisoa, gertuko duenarekin eta barruak mugitzen dizkionarekin.

Pixkanaka, haziz joan zen pertsonen aniztasuna; sail guztietako pertsonak pasa ziren, salbuespenik gabe, espazio honetatik. Energia berriak agertuz joan ziren, eskatzearekin batera ematera zetozenekin, proposamenekin, hobekuntzekin, iritzi-elkartrukearekin edo negozio-ideiekin. Asteek aurrera egin ahala argi gelditu zen, bai nire irmotasunagatik eta bai bertan aldaketak eta ekintzak ematen zirelako, motibatu egin zela jendea konpainiarekin konpromiso gehiago hartzen, beren ongizatearekin, beren aurrerapenekin eta beren emaitzekin. “Merkatu-ikerketa txiki bat egin dut eta argi ikusten dut aukera bat daukagula merkatu-hobi berri batean: freelance-ak. Datozen urteetan hazkunde sendoa emango dela diote joerek”. Konpainiaren babesarekin, analisi sakon baterako bidea eman zuen lehen pausua izan zen, eta errealitate bilakatu zen.

Pertsonak ahalduntzen dituzunean, beren bertsio onena erakusten dute.

Gustatzen ez zitzaizkidan edo bat egiten ez nuen ideia edo iritziak hartu eta mantentzea izan zen prozesuko parterik zailena, horiei aurka egin gabe. Entzuteko espazio bat zen hura, esaten zen guztia esker onez jasotzekoa, opari handi bat balitz bezala. Jendeak bere elkarrizketetan ematen dizuna bere sakontasun osoan ulertzeko ikasi dudan modu bakarra da.

Entzute aktiboa praktikatu eta interes errealarekin galdetzea da pertsonekin enpatia izateko bidearen hasiera.

Eta, azkenik, esker ona jasotzeko momentua iritsi zen (zenbat kostatzen zaigun Espainian aitortu eta eskerrak ematea); entzuteagatik eskerrak, sortutako espazioagatik, hartutako ekintzengatik, emandako zaintza eta errespetuagatik, sortutako konfiantzagatik, pertsona oro garrantzitsua dela sentiarazteagatik, ekimenak berekin ekarri zituen aldaketengatik.

Nire azken Open Offices saioan, poztasunez, urguiluz eta asetasunez esan zidan pertsona batek “hau dela munduko enpresarik onena”. Ezbairik gabe, gustura ari da, hunkitu egiten da gurekin lanean eta hala kontatzen die bai lagun eta bai familiakoei, kutsatu egiten du sentsazioa doan leku guztietan. Zenbat balio du keinu horrek? Zenbateko konpromisoa dario? Zenbateko potentzia dauka sortu, berritu, saldu edo bezero bati arreta emateko?

Hori eta askoz gauza gehiago jarri genituen martxan, denak ala denak langileak pertsona gisa hartuta, eta, bi urtetan, Nº1 Best Places To Work izatera iritsi ginen. Lorpenik handiena, niretzako, pertsonen bidea hautatuz emaitzetan aldaketa esanguratsuak lortzea izan zen. Edo, akaso, bada emaitza berberak emango dizkigun beste biderik, inguruan hainbesteko poztasuna emanez?

Ez dakit gaurko Open Offices saioan zer gertatuko den, baina mereziko duela ziurta diezazuket.

About the Author

Avatar

K2K Emocionando administrator

2 Comments so far

Avatar

Carol…Posted on  4:57 - ots 16, 2018

Para ser la mejor empresa del mundo se necesitan líderes inspiradores como tú.
Gracias Jaume.
C.

Avatar

JosepPosted on  9:53 - ots 17, 2018

La consciencia y la escucha son esenciales para el buen funcionamiento de la empresa.

Leave a Reply

MyanmarSpain