Erakundeak berasmatuz alor sozialean

ByK2K Emocionando

Erakundeak berasmatuz alor sozialean

Marta Senz eta Concha Clavero elkarrizketatu ditugu, Zabaltzen eta Erroak elkarteetako koordinatzaileak hurrenez hurren. Sartu Taldea Elkartea osatzen duten irabazi asmorik gabeko lau elkarteetako bi dira, gizarte-bazterkeria pairatzeko arrisku-egoeran dauden pertsonen gizarteratzean eta laneratzean jarduten dutenak.

Krisialdia ez zaie arrotza suertatu bi elkarte hauei eta prozesu konplexuak gauzatu behar izan dituzte hari aurre egin eta elkarteak berriz asmatzeko, egiten duten gizarte-funtzioa garatzen jarraitu ahal izateko. K2K Emocionando lantaldea Zabaltzen eta Erroak elkarteekin elkarlanean aritu da partaidetza partizipatibo eta autogestionatu baten sakontzerako aholkularitzan eta etorkizunera begirako hausnarketa estrategikoan.

G1. Marta, Concha, zer ekarri zuen krisialdiak Zabaltzen eta Erroak erakundeetara? Erakundeak berriz asmatzeko beharrik izan zen?

Zabaltzen, Erroak eta beste hainbat erakunde sozialok, “hirugarren sektore soziala” deitzen den horren baitan sartzen garenok, administrazioekiko dependentzia daukagu portzentaje altu batean, gure misioa/lana aurrera ateratzeko. Diru publikoaren bitartez jartzen ditugu martxan egoera babesgabeetan dauden pertsonen hobekuntzarako bidea ematen duten proiektu eta zerbitzuak, finantziazio-formula desberdinak bide (hitzarmenak, diru-laguntzak, lizitazioak…). Zabaltzen eta Erroak elkarteen kasuan, pertsona horiek lanbideak ikas ditzaten lan egiten dugu, prestakuntza-espezialitate desberdinetako gaitasun teknikoak lor ditzaten, beren gizarte- eta lan-trebetasunak hobe ditzaten, baliabide komunitarioak ezagut ditzaten, enplegua lor dezaten, eta abar.

Krisialdi-urte hauetan esfortzu handia egiten ari gara erakunde sozialok, garatzen ditugun proiektuen kalitatea mantentzeko, lan egiten dugun pertsonekin eta pertsonentzako gizarteratze-prozesuak osatzeko giltzarri diren babes eta zerbitzuen desagertzeari aurre eginez. Murrizketa orokortuak eta egiteko moduen aldaketak eman dira administrazio batzuen aldetik, eta eragin garrantzitsua izan du horrek, ez bakarrik pertsonekin egiten dugun lanean, baina baita erakundearen baitan ere: langileen murrizketa, lana antolatzeko modu berriak, lantaldeen antolakuntza-modu berriak edo langileon ekarpen ekonomikoari esker gauzatzen ditugun proiektuen finantziazioa, besteak beste.

E. Marta Senz. Horren ondorioz, susmatutako hori serioski hartzen hasi behar izan genuen Zabaltzen-en; hau da, nola lerroka genezakeen erakundea bera (zentzurik zabalenean eta bere dimentsio guztietan) iritsi zen errealitate berri horretara.

Gure misio/lanari erantzuna ematen jarraitzeko organizazio-formula berriei ekiteko momentua zela ondorioztatu genuen, honako aspektuei lehentasuna emanez: elkartearen jabetza kolektiboa, partaidetza kolektiboa erabakiak hartzeko unean, konpromisoa vs. errealitatea…

E. Concha Clavero. Erroak-en nahiko antzeko ari gara. Hau da gure errealitatea eta gure buruak “berriz asmatzeak” gure lana orain artean bezain ongi egiten jarraitu behar dugula esan nahi du, eta hala ari gara. Inplikatuak eta motibatuak jarraitzen dugu, lan asko eginez, ilusioz eta errealitate sozial berri honek -denoi eragin digunak- zailtasun gehiago jarri dizkien pertsonekiko gertutasunez.

G2. Marta, K2K Emocionando enpresak Zabaltzen-ekin duen kolaborazioa zu koordinazio nagusiaren kargu egiten zaren momentuan hasten da. Zein da konpontzeke gelditzen zen beharra?

E. Marta Senz. Koordinazio nagusia nire gain hartu nuenean, “gauzak aldatzeko behar” horren konpromiso kolektibo batetik egin nuen, aurrez aipatu bezala partaidetza kolektiboa edo erabaki-hartzeen horizontaltasuna bezalako aspektuetan oinarrituta, aldaketarako bidaia horretan “norbait” alboan izatearen beharra aintzat hartuta, hasierako ideia horri edukia ematean.

Iturri desberdinetatik izan nuen K2K Emocionando babesten ari zen esperientzien berri eta gerturatu eta buruan geneukana partekatzea ideia ona izan litekeela erabaki genuen. Esperientzien elkartrukerako momentua izan zen, non argi ikusi genuen K2K Emocionando-k lantzen zuen “harreman-estilo berriak” guk planteatutakoarekin bat egiten zuela. Orduan eskaini zen K2K (eskuzabaltasunez) aldaketa hori errealitate bilakatzera, berau posible egiteko segizio- eta kontraste-prozesu bati hasiera emanez.

G3. Concha, Erroak-en hausnarketa estrategikoko prozesu baten lagun izan duzue K2K Emocionando. Zerk eraman zintuen hausnarketa hori egitera?

E. Concha Clavero. Erroak elkartean (eta Sartu Taldea Elkartea) beti izan gara oso garrantzitsuak bertan jarduten dugun langileak. Gure inplikazioa eta parte-hartzea funtsezkoak izan dira urteetan zehar, gaur garena garatu ahal izateko. Denon artean eraikiz joan gara. Baina, “eraikuntza” horrek bere gauza onak eta gauza txarrak izan ditu. Eta, nire ustetan, gutxi pentsatu/hausnartu dugu “krisiaren” urteetan zehar. Bizirautera aritu gara, beste ezertara baino. Ez dakit “krisia” amaitu den ala ez, baina oso garrantzitsua da guretzat hausnarketari berriz heltzea, are gehiago egun planteatzen zaigun errealitate sozial berri honetan, lehen esan bezala. Erroak osatzen dugun pertsona ororen partaidetza da funtsezkoa gure etorkizunerako eta hori da NERek ematen digun aukera.

G4. Marta, zeintzuk dira K2K Emocionando-k urte hauetan zuen proiektuari egindako ekarpen nagusiak? Eta, zehatzago, zer suposatu du zuretzat, Zabaltzen-eko koordinatzaile-lanetan?

E. Marta Senz. Harrotasunez “pertsonak erakundeen erdigunean izatea” esaten dugun hori praktikan jarri eta edukiz betetzeko aukera izatea izan da ekarpenik handiena. Beste modu batzuetan antolatzeko aukera eman digu, kultura kolektiboa, konfiantza sortzeko aukera, egiteko modu berriak, erabaki komunak… Hau da, erakunde moduan, proiektu kolektibo gisa, eboluzionatzen eta hezten joateko aukera eman digu, eta kohesionatuago gaude (oraindik bide hori jorratzen ari gara).

Prozesu guzti horrek, non energia asko jarri dugun, eskuzabaltasun asko, aurkako sentimendu asko eta ordu asko (eta hau maiuskuletan azpimarratu nahiko nuke), elkartearen, pertsonen eta neure buruaren ahultasun eta sendotasunak hobeto ezagutzeko balio izan dit, koordinatzaile gisa. Uste dut funtsezkoa dela hori guztia Zabaltzen proiektu bideragarria izan dadin eta hala ez gaitezen gure misio/lanetik aldendu.

G5. Erroak-en kasuan, Concha, nola garatu da hausnarketa estrategikoa eta nola bizi izan duzue elkartea osatzen duzuen pertsonok?

E. Concha Clavero. Nire ustetan hausnarketa-prozesua oso ona izan da. Partaidetza asko egon da, bai parte-hartzaileen kopuruari dagokionean (Erroak elkartean lanean ari garenon %80 eta %90 artean ibili gara), eta bai saio bakoitzean gutako bakoitzak izan duen inplikazioari dagokionean. Nik uste dut gure buruez ikasi dugula, erakundearen gizarte-helburuaz, zertan lan egin nahi dugun eta nola egin nahi dugun; taldea sentitu ahal izan dugu, denon artean konfiantza izatearen garrantzia, arazo eta zailtasunak identifikatu ditugu eta nik uste dut, gainera, ondo pasa izan dugula. Eta, gainera, oraindik egiteko asko dugula ikasi dugu.

G6. Bukatzeko, biontzako galdera bat: nola ikusten duzue zuen elkarteen etorkizuna?

Hoberena desagertzea litzateke, gure beharrik ez izatea. Baina, bitartean…

E. Marta Sanz. Nik uste dut bideak konplexua izaten jarraituko duela, zerbitzu sozialen sektorea gastu gisa hautematen denean inbertsio gisa baino gehiago, gehiago hautematen bada merkatu gisa eta ez gizarte-helburu gisa. Nire ustetan bide luzea dugu oraindik aurretik, non beste mundu posible baten parte izan behar dugun. Gizarte justuago bat, bidezkoago bat, non pertsona orok izango duen lekua. Eta, bitartean, gure misioa eta gure elkartea bilakaera horren ispilu izan dadin saiatuko gara. Indartsu sentitzen gara eta indar hori mantentzea espero dugu; uste dugu guzti hau pertsonen, instituzioen/administrazioen eta gizarte-agenteen arteko lan partekatu baten aldeko apustua egin delako ari dela gertatzen, hirugarren sektoreko erakundeen artean sarean lan egitearren, Zabaltzen eta Sartuko proiektuak indartzeko bidea emango dutenak, eta elkar indartzen lagunduko digutenak.

E. Concha Clavero. Ni itxaropentsu nago. Ez dakit hitzik aproposena ona den, gizartearentzako onena gu desagertzea litzatekeelako, beharrezko ez izatea litzateke onena, zailtasunik sufritu behar ez duen pertsonarik ez legokeelako jada. Baina, errealitate hori erdietsi arte, oso garrantzitsuak dira bai gure lana eta bai gure ekarpena, eta, badirudi, aitorpen bat gertatzen ari dela administrazioaren aldetik (Hirugarren Sektoreko Legea) eta gizartearen beraren aldetik. Denon artean irtenbiderik onenak bilatzea espero dut, eta baita garatzen dugun lanak babesak izaten jarraitzea, gizarte justuago bat eta kohesionatuago bat lortzeko bidean.

About the Author

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

EUS ES