Distira guztiak…

Avatar ByK2K Emocionando

Distira guztiak…

k2K Emocionando
… ez dira urre”, dio esaera ezagunak.

Azken asteetan, NER erakunde ezberdinei beren ateak irekitzeko eskatu diegu, barrutik kontatzeko Harremanak izateko Estilo Berria ezartzearen inguruko esperientzia. Orain, K2K Emocionandoren ateak irekitzea egokitzen da, barruan nola lan egiten dugun eta nola funtzionatzen dugun kontatzeko, esaera alderantziz jarriaz.

K2K Emocionando zazpi lagunek osatutako erakunde txikia da. Gure ezaugarri nagusia da erakunde ezberdina izan nahi izatea, egiten dugunaren eta gure izateko moduaren aldetik.

Bereizten gaituen lehen ezaugarria da ez dugula lanerako leku finkorik, ohikoa izaten den moduan; ez dugu bulegorik, despatxurik, idazkaririk (generoa kasu honetan ez da neutrala), ez eta ere bezeroak txunditzeko bilera-gela zoragarririk. Gure bezeroen etxeetan egiten dugu lan, zer egin behar den esateaz gain, egin egiten dugulako eta elkarren ondoan aritzen garelako enpresaren kudeatzailetzarekin, edota, proiektuak horrela eskatzen badu, aldi baterako gure gain hartzen dugu.

Bilera bat egin behar badugu edo banako lana egin behar badugu, berdin-berdin egiten dugu gure lankidetzako erakunde batean, bereziki Trebekin edo Icaza Colaborandon. Horrek, gainera, aukera ematen digu egitura arina izateko, eta gure artean edo beste batzuen aurrean estatus bat izateko tentazioa kentzen du; alegia, ez gaitu ezerk lotzen espazio fisiko batera, eta ez gaitu ezerk bereizten despatxuaren tamainarengatik edo altzarien kalitatearengatik.

Barruan, ez dago kargurik. Ez dago senior edo junior aholkularirik, ez zuzendaririk, ez CEOrik edota inolako hierarkia-zeinurik. Pertsona guztiok ordainsari bera jasotzen dugu, egiten ari garen lan zehatza edozein izanda ere edota une bakoitzean bakoitzak artatutako bezeroak kontuan izan gabe. Ez dugu bezeroen zorro pertsonalik; izan ere, bezero guztiak guztionak dira eta haiek artatzeko indarrak, gertutasun geografikoa eta esperientziaren egokitasuna hartzen ditugu kontuan.

Ez dugu aurrez ezarritako funtziorik edo egitekorik. Egin behar dena une bakoitzean egin nahi duenak egiten du. Premia berri bat sortzen denean, beti dago norbait prest horri heltzeko. Norbaitek garatzeko ideia bat badu, hori burutzeko espazioa, denbora eta bitartekoak izaten ditu. Ez dugu inolako prozedurarik ezarrita, baizik eta modu naturalean egiten dugu.

Guztiok dakigu guztion berri. Erabat komunikatuta gaude telefonoz, mailez edo  whatsapp-ez, eta maiz elkartzen gara, esku artean ditugun proiektuen arabera. Binaka lan egiten ahalegintzen gara, ahal den guztietan, esperientziak eta iritziak gehiago trukatze aldera. Agenda astero partekatzen dugu, gainerakoen berri izateko, elkar laguntzeko eta helburuan hurbil sentitzeko, geografikoki urrun egonda ere.

Gure artean sutsuak gara, iritziak energia eta uste osoarekin eztabaidatzen eta trukatzen ditugu, batzuetan baita modu apur bat kaotikoan ere, baina betiere maitasun eta errespetu handiarekin; horrelaxe funtzionatzen dugu elkarrekin lanean daramagun hamar urtetik gorako denboraldian.

Amets bera partekatzen duen talde txikia gara: giza garapena eta garapen zuzena eta iraunkorra lortzea. Gure grina osoarekin, gure adimenarekin eta gure esperientziarekin egiten dugu lan hori errealitate bihurtzeko.

About the Author

Avatar

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

MyanmarSpain