Kolibria 1

Koldo Saratxaga ByKoldo Saratxaga

Kolibria 1

Koldo SaratxagaKoldo Saratxaga da antolaketa-aldaketa sakonerako ‘harreman estilo berria’ (ner) bultzatzailea; K2K Emocionando, enpresa-munduan  (ner) ezartzeko lanetan dabilen taldea, eta ‘ner group‘ elkarteak enpresak kudeatzeko estilo berri hori aplikatu du; hots, pertsonengan, denen arteko proiektuan eta partekatutako arrakastan oinarritzen den estilo bat.

 

Kolibria nire laguna izatea nahi dut K2K Emocionando-ren orrialde honetan partekatu nahi ditudan hausnarketetan; ez dakit zenbat izango diren, ezta noiz partekatuko diren ere.

Kolibriari hemen nire laguna izateko eta ni inspiratzeko hainbat arrazoirengatik eskatu diot:

  • Kolibria askatasunaren ikurtzat jotzen da.
  • Berezia da, munduko txoririk txikiena delako; eta haren edertasuna ere berezia da.
  • Lurrak zeruari egiten dion ordaina da eta haren etxearen eta hurbileko elikadura-iturrien babesle nagusia.
  • Hegazti oso ezaguna da. Zenbait kulturak energiaren eta lanaren ikur bilakatu zuten eta “gauza handiak lortzeko, elkarrekin lana egiteko gai den taldearen” ordezkari bezala.
  • Gerra-garaian, jendea babesteko irudia zen; beraz, babes-ikurra zela uste zuten.


Harro nago hain txikia izanda eta, aldi berean, hain berezia, hain maitatua eta berearekiko hain hurbilekoa, nire adiskidea izan nahi duelako. Nire ustez beharrezkoa da, komenigarri jotzen duenarentzat, pertsonaia txiki eta interesgarri honi buruzko zerbait jakitea:

Kolibria trokilinoen azpifamiliako hegazti apodiformeen generoa da, eta komunki kolibria, “picaflor” edo euli-txoria deitzen zaio. Munduko hegaztirik txikienak direla esaten da, eta hegan egiteko abiadura handia hartzen dute —hegoak segundoko 80-200 aldiz astindu ditzakete—; beraz, hori dela-eta, planea dezaketen hegazti bakarrak dira. Hegazti horiek Erdialdeko Amerikakoak dira, baina iparraldean Alaskatik hasi eta Hegoamerika erdira arte aurki daitezke.

Kolibria generoa osatzen duten espeziek 11 eta 25 zentimetro arteko tamaina dute eta 6 gramotik 11,5 gramora bitarteko pisua. Isats handia dute, urkilatua edo biribildua eta moko beltza eta mehea, luze eta kurbatu samarra. Kolibriek luza dezaketen mihi luzea dute; berezia da punta zatitua dutelako, eta azken muturrean tronparen antzeko forma du, loreen nektarra erraz xurgatzeko aukera ematen diona.

Loreen nektarra da haren elikadura-iturri nagusia, eta hegan egin ahal izateko behar dituzten kaloriak ematen dizkie. Kolibriek lan garrantzitsua egiten dute landareen polinizazioan, polena lorez lore banatzen baitute. Dieta bidaian zehar harrapatzen dituzten intsektuekin osatzen dute.

Klima epeleko eta tropikaleko inguruetan bizi dira; batzuek desertuetan, kostetan, basoetan, belardietan eta mendietan bizi direla jakin da. Kumeak izaterakoan, eremu beroak bilatzen dituzte —kolibriek migrazio-bidaiak egiten dituzte helburu hori lortzeko—, baina tenperatura hotzetan ere bizirik iraun dezakete. Kolibriek beren etxea aihen-belarretan, zuhaixketan eta zuhaitzetan egin dezakete; etxearen eta hurbileko elikadura-iturrien babesleak dira.

Nire bidaia-laguna, kolibria, protagonista duen historia

koldo saratxaga_el colibrí

Aspaldi, pertsona batzuekin abeltzaintza industrialak ingurumenean duen inpaktu izugarriari eta dirudienez oraingoz geldiezinari buruzko bideoa ikusten ari nintzela, pertsona batek kolibriaren historia ezagutzen genuen galdetu zigun. Erantzuna gure aurpegietan ikusi ahal izan zuen, historia entzuteko ikusmina sortu baitzigun.

“Duela zenbait urte, bazen baso izugarri bat, oihan eder bat amalur honetako leku pribilegiatu batean, aparteko fauna eta florarekin, baina sute hondatzaile bat dena suntsitzen ari zen. Haizeak astindutako sugarrak norabide zehatz batean zihoazen, bidean soilik errautsak utziaz.

Aurretik, etsita, korrika eta hegan alde egiten zuten era guztietako animaliek: lehoiak, gazelak, kakatuak, ontzak, jirafak, erbiak, e.a. Denen harridurarako, ordea, kolibri bat aurkako norabidean zihoan hegan, gorputz txiki baina energetikoak uzten zion bezain azkar.

  • Aizu, kolibria, nora zoaz? Ez al duzu ikusten sute aldera zoazela? Baina, ez al duzu ikusten zer-nolako sutea dugun atzetik jarraika? Begira, gu korrika goaz geure burua salbatzeko, eta atzera begiratu ere egin gabe!
  • Bai, ikusten dut, baina nik joan beharra dut.
  • Beharra? Nora? Erotuta zaude! —erantzun zion kakatuak, korrika jarraitzen zuten gainerako guztien harriduraren aurrean—.
  • Erre egingo zara! —esan zioten hainbat animaliak batera algara artean, nahiz eta egoera larria izan—.
  • Nire etxera joan behar dut, nire lekura.
  • Baina, ezinezkoa da! Korri eta hegan egin beharra daukagu, alde egiteko. Gero ikusiko dugu.
  • Ez! —erantzun zuen kolibriak zeukan energia guztiari tinko eutsiaz—. Nire lekura itzuli behar dut, nire etxera, eta nire ur-tanta eraman egoera ahalik eta azkarren salbatzen laguntzeko”.

Zenbait zientzialarik eta adituk adierazten dute jaten ematen digun eta zaintzen gaituen Lurra, bertan egongo garen denbora laburrerako ezinbestekoa dena eta hain gaizki artatzen ari garena, salbatzeko modu bakarra dela, banan-banan, sortzea milaka, ehunka milaka kolibri, haien ur-tantarekin, haien zentzutasun-tantarekin, ingurumenaren egungo hondamendia geldiaraztea lortu dezaten edo dezagun.

Dirudunek, natura eta/edo pertsonak ustiatuz aberasten direnek, kontsumismo neurrigabearen eta nahasiaren gurpilean nahita edo nahi gabe sartzen garenok lagunduta, inoiz ez dute behar adina neurri hartuko aurrean dugun hondamendi-egoera lehengoratzeko geratzen den denbora gero eta eskasagoan garaiz iristeko. Gizakia bere burua eta ekosistema suntsitzeko gai den animalia bakarra da.

Garbi dago egoera honek jada kaltetzen gaituela; hala ere, okerragoa izango da atzetik datozenentzat; hots, gure ondorengoentzat.

Nahi duzu kolibri berezi bat izan?

 

 

About the Author

Koldo Saratxaga

Koldo Saratxaga editor

Leave a Reply

MyanmarSpain