Partekaturiko esperientziak, balio-aniztasuna eta autoikaskuntza

Erakunde autokudeatua eraikitzeko beharrezkoak diren oinarrizko egiturei buruzko artikulu-sortako beste kapitulu batekin jarraitzen dugu, eraikitze hori K2K Emocionandotik harremanen estilo berria, hots, gure “nerbyK2K”, ezartzen dugun moduaren arabera eginda.

Gaur egun, ohikoa da esatea ezagutza edozein erakunderen aktibo nagusienetarikoa dela, baina askoz ere zailagoa da aktibo hori zaintzeko edo gehitzeko benetan lan egiten duten erakundeen adibideak aurkitzea. Autokudeaketa egoki baterako, elementu hori ezin da inoiz begien bistatik galdu.

Erakunde batean ezagutza sartzeko modu klasikoak eta ohikoak hauek dira: prestakuntza, “talentuak” fitxatzea edota teknologia erostea, baina jada ez dira bereizten duten elementuak, ia edozein erakunderen esku daudelako, gutxi gorabehera lehiakideen maila berean.

Baina ezohikoa da ezagutza hori areagotzea eta barnean modu “organikoan” haztea. Ikus dezagun, beraz, nola lortu autokudeatutako erakunde batean.

Lehenik eta behin, ohartu behar dugu ezagutzaren hazkundea erakunde osoan eta bertako ahalik eta pertsona gehienen artean lortzea interesatzen zaigula, eta ez soilik arlo batean edo pertsona gutxi batzuen artean.

Bigarren, pentsatzen dugu ezagutza intelektualki hartzen dela (hau da, prestakuntzaren bidez), baina batez ere esperientziaren bidez ere hartzen da. Esperientzia handiagoa duten pertsonek ezagutza gehiago pilatzen dutenak ere izan ohi dira, “jakinduria” handiagoa dutenak. Beraz, funtsezkoa da erakundeko pertsona gehiagok esperientzia ezberdin gehiago izatea bultzatzea, era horretan, erakunde osoaren ezagutza areagotu egiten baita.

Ohikoa da pertsona batek kontulari gisa 10 urteko esperientzia duela esatea edo 6 urteko esperientzia kamioi bat gidatzen edo salmenta-talde bat gidatzen. Egia esan, ohikoena da esperientzia askoz ere mugatuagoa izatea; izan ere, normalean, urte gutxi batzuetan, lan batean izan daitekeen esperientziaren %99 izan dira, eta hortik aurrera, errepikatu besterik ez dugu egiten, baina esperientzia berriak sartu gabe, eta, hortaz, ezagutza gehitu gabe.

Autokudeatutako erakunde batean pertsona guztiek ekonomiari eta finantzei buruz jakitea, lankideak elkarrizketatzea, hautatzea eta ebaluatzea, edota inbertsioetan, estrategian, salmentetan, funtsezko erabakiak hartzen parte hartzea sustatzen bada, pertsona horiek beren ohiko laneko arlo ezberdinetan esperientzia berriak izatea sustatzen dugu, eta, beraz, erakunde osoaren ezagutza handitzen ari gara.

Gainera, esperientzia horiek, autokudeatutako taldeekin partekatuta, ezagutzaren efektu biderkatzailea eragiten dute.

Erakunde askotan pertsonek gai gutxi batzuk oso ondo ezagutzea bultzatzen da; hots, ahalik eta gehien espezializatzea, baina egitura autokudeatu batean pertsona guztien balio-aniztasun handiagoa lortzea komeni da.

Horrek esan nahi du, lehenik eta behin, gure erakundeko pertsona bakar baten esku zein ezagutza dauden jakin behar dugula eta beste pertsona horiek ere ezagutza horiek izan ditzaten lan egin, gutxienez oinarria ezagututa, erabat ezinbestekoa den norbait eduki ez dezagun.

Gauza ez da pertsona guztiek dena egitea, baizik eta, bakoitzak bere eremu espezializatuaz gain, beste batzuk ere behar adina menderatzea. Horrek eragin oso onuragarria du erakundearentzat, askoz ere malguago egiten baitu, eta, aldi berean, oso positiboa da pertsonentzat, haien “enplegagarritasuna” areagotuta ikusten baitute, eremu berriak eta trebetasun berriak aztertzeko aukerarekin batera.

Balio-aniztasun hori sustatzeko modu oso eraginkorra izaten da, erakundean postu berrietara sartzeko bertan lanean ari diren pertsonak lehenestea, barne-mugikortasuna ahalbideratuaz.

Azkenik, autokudeatutako erakunde batean ezagutza hazteko funtsezko erreminta da autoikaskuntza modu egokian erabiltzea: sentitu, pentsatu, egin zikloa ikastearekin osatzen da, egitearen emaitza ikusi ondoren. Alegia, lan egin behar dugu pertsonek eta taldeek haien ekintzetatik ikasten ikas dezaten. Jakin behar dute zerbait egiten dutenean, soilik bi emaitza lor ditzaketela; asmatzea edota ikastea, inola ere ez porrota.

Horretarako, ezinbestekoa da taldeekin lan egitea haien ekintzak berrikusiaz, ikaskuntzak atereaz, ikasitakoa behin baino gehiagotan aplikatuaz eta prozesua modu sistematikoan errepikatuaz.

[NER BY K2K, K2K Emocionando taldetik ner gainean egiten dugun aplikazio zehatza da. Harremanen estilo berria (ner) erakunde asko beren kabuz abian jartzen ari diren ideien, balioen eta irizpideen multzoa da. Beste era batera ere dei daitezke, eta, beraz, ez dira K2K-ren “jabetzakoak”, nahiz eta guk ner hori zabaltzeko gure modu propioa izan, #nerbyK2K deitzen duguna].