Batzarra

Artikulu-multzo honen kapitulu berri batekin jarraitzen dugu, erakunde
autokudeatua eraikitzeko beharrezkoak diren oinarrizko egiturekin, K2K
Emocionandotik harremanen estilo berria, hots, gure “nerbyK2K”, ezartzen
dugun moduaren arabera.

Batzarra erakundean lan egiten duten pertsona guztien arteko bilera da, haien
kontratu-mota, iraupena edo jabetzan partzen duten ala ez kontuan izan gabe.
Batzarrean parte hartzeko “eskubidea” ematen duena da pertsonak bere lana
eskaintzen diola erakundeari.

Autokudeaketaren arabera, erakundean lan egiten dugun pertsona guztiok gure
lan zehatza behar bezala garatzeko eta erakundeari dagozkion erabakietan
erantzukizunez eta askatasunez parte hartzeko behar adinako informazioa
dugu.

Batzara pertsona guztiek parte hartzeko oinarrizko elementua litzateke.
Erakundea txikia bada, Batzarra ia uneoro erabil dezakegu, taldeetara edota
pilotutzara jo beharrik gabe, Batzarrean erakunde osoa jada parte hartzen ari
baita.

Esate baterako, enpresa batean lan egiten dugun 5-6 pertsona bagara,
zuzenean funtziona dezakegu, une bakoitzean beharrezkoak diren gai
ezberdinak jorratzeko Batzarren bitartez. Pertsona guztiak bil ditzakegu une
batez egun bakoitzaren hasieran eguneko lanak antolatzeko, batzarra astean
behin egin dezakegu bezeroekin loturiko gaiak jorratzeko eta gai
ekonomikoekin, proiektuekin, berrikuntzarekin eta abarrekin txandakatzeko.

Erakunde txikiek modu oso intentsiboan erabil dezakete egitura hori. Are
gehiago, egin behar dute, zeren, pertsona gutxi izan ohi direnez, informatuta
daudela eta baldintza berdinetan parte hartzen dutela uste izaten dute, eta hori
ez da egia, errealitatea egoera horretatik oso urrun egon ohi baita.

Tarteko tamainako erakundeetan ere batzarrak erabil daitezke batez ere
informazio ekonomikoa emateko eta pertsona guztiei dagozkien erabakiak
hartzeko. Urtean 4 eta 6 batzar artean egitea oso ohikoa da, eta 12 edo 14 bat
egin daitezke erakundea une oso zailean aurkitzen bada eta pertsona guztien
inplikazio handiena eskatzen badu.

Erakunde handietan, aldiz, zailagoa da batzarrak erabiltzea, eta urtean bat edo
bi egin ohi dira, soilik garrantzi handieneko gaiak jorratzeko (Ideien eta
Helburuen Plana, IHP, onartzea, adibidez), eta gai gehienak Pilotatze
Taldearen bidez bideratu ohi dira, ordezkariak biltzen dituen batzarraren bidez.
Edonola ere, oso argi izan behar dugu batzar batek prestaketa-lan garrantzitsua
eskatzen duela eta ezin dela inprobisatu; alegia, honako hau ez da: “bildu eta
ateratzen denaz hitz egingo dugu”.

Batzar batean jorratu ohi diren gaien garrantziari eta parte hartzen duen
pertsona-kopuruari erreparatuta, bilera aurretik edukia nahiz modua prestatzea
funtsezkoa da. Hona hemen prestatze-lanaren zenbait gako:

  • Deialdia behar adinako aurrerapenarekin egin behar da eta gai-zerrenda
    argi eta itxiarekin. Gai-zerrendan parte hartzeko aukera eman nahi bada,
    hobe da batzarra baino lehen egitea eta zerbait tratatu nahi duenak
    aldez aurretik adieraz dezala eskatzea, unean bertan ez inprobisatzeko.
  • Oso garrantzitsua da parte hartu behar duten pertsonek argi eta garbi
    jakitea zein puntu jorratuko diren eta informazioa ematekoak edo
    erabakiak hartzekoak diren. Bigarren kasu horretan, oso garrantzitsua da
    erabakia hartzeko behar den informazioa eta dokumentazioa argia eta
    laburra izatea.
  • Argi egon behar du boto-ordezkaritzak onartuko diren, hala badagokio,
    eta horiek gauzatzeko prozedura nolakoa den. Era berean, argia izan
    behar du bozketa-sistemak, baldin eta egingo bada, eta hori burutzeko
    behar diren bitartekoak izatea ere bai.
  • Aurkezpenak egiteko alderdi teknologikoa ondo aurreikusi behar da
    (megafonia, bideokonferentziak edo behar dena). Gai horien
    aurreikuspen txar batek bilera garrantzitsu batek porrot egitea eragin
    dezake.
  • Funtsezkoa da gai-zerrendara mugatzea eta gai-zerrenda horretako
    puntuetan parte-hartzea errazteko beharrezkoak diren mekanismo
    guztiak aurreikustea, baina inola ere ez sortu ahala gai berriak irekitzea.
    Batzarrean aztertu behar diren eta aurreikusita ez zeuden gaiak sortzen
    badira, horiei buruzko oharrak hartu eta hurrengo bilera batean jorratuko
    dira.
  • Komeni da ospatzeko elementuren bat edo elementu informalen bat
    sartzea batzarrean, batik bat urtean gutxitan egiten badira. Mokadu soil
    bat, aurretiko dinamika txikiren bat edo errekonozimendu-ekitaldiren bat
    elementu oso egokiak izan daitezke bilera hasteko edo amaitzeko.

[NER BY K2K, K2K Emocionando taldetik ner gainean egiten dugun aplikazio zehatza da. Harremanen estilo berria (ner) erakunde asko beren kabuz abian jartzen ari diren ideien, balioen eta irizpideen multzoa da. Beste era batera ere dei daitezke, eta, beraz, ez dira K2K-ren “jabetzakoak”, nahiz eta guk ner hori zabaltzeko gure modu propioa izan, #nerbyK2K deitzen duguna].