Parte-hartzearen emaitza ekonomikoan

Erakunde autokudeatua eraikitzeko beharrezkoak diren oinarrizko egiturei buruzko artikulu-sortaren amaierara iritsi gara, eraikitze hori K2K Emocionandotik harremanen estilo berria, hots, gure “nerbyK2K”, ezartzen dugun moduaren arabera eginda.

Edozein erakundek, edozein motakoa dela ere, zati ekonomikoa gutxi gorabehera markatua eta definitua izaten du: enpresa bat bada, horren helburuetako bat emaitza ekonomiko positiboa izatea da etorkizuna ziurtatzeko; gauza bera gertatzen da irabazi asmorik gabeko erakundeekin, zati ekonomikoa behar baitute garatzeko. Eta, azkenik, era guztietako erakunde publikoek ere beren aurrekontu ekonomikoak behar bezala kudeatu behar izaten dituzte.

Beste batzuetan ere jada aipatu dugu fluxu ekonomikoa funtsezkoa dela edozein erakundetan; izan ere, pertsonentzat arnasketa den bezalakoa da: arnasten ez badugu, nahitaez hil egingo gara. Gauza bera gertatzen zaie erakundeei, emaitza ekonomikorik sortzen ez badute, lehenago edo beranduago hil egingo dira. Baina arnasa hartzea ez da gizaki gisa dugun izatearen arrazoia, emaitza ekonomikoak sortzea erakundeak existitzearen azken arrazoia ez den bezala.

Autokudeatutako erakunde batean, ekonomia eta finantza aldeak erabat “menderatuta” egon beharko luke; izan ere, antzekotasunarekin jarraituz, pertsonentzat arnasa hartzea bezain automatikoa eta oharkabea izan beharko luke jarduerak; alegia, ez genuke horren zain egon behar, “bakarrik gertatzen delako”. Aitzitik, itotzen ari garenean, gainerako guztia desagertzen da, ezin dugu pentsatu edo ezer egin, arnasa hartzen ahalegindu baizik. Beraz, berdin-berdina gertatzen da erakunde batean likideziarik ez dugunean. Hori dela-eta, zati horrek oso ondo menderatuta egon behar du.

Emaitza ekonomikoaren funtsezko beste alderdi bat helmugaren arazoa da; alegia, erakunde askok, beren izaera dela-eta, ez dute irabazi asmorik edo ez dute “irabazi” ekonomikorik sortzen, eta, beraz, ez dute soberakin horrekin zer egitearen inguruko “arazorik”.

Baina etekina sortzen dutenei dagokienez, autokudeatutako erakunde bat bagara, irabazi horien xedea ezin da izan besterik gabe jabetzak erabakitakoa, irabazi horiek jabetzaren ekintzaren bidez bakarrik ez baitira sortu, ezta gutxiago ere, erakunde osoaren lanari esker baizik.

Ezin dugu balio- eta antolaketa-egitura oso bat muntatu, erakundeko pertsona guztien parte-hartze, inplikazio, erantzukizun eta konpromiso handienarekin, gero horren guztiaren emaitza ekonomikoa jabetzaren esku bakarrik geratu behar bada.

Ezbairik gabe, lan horren guztiaren beste emaitza batzuk —tartean, harrotasun profesionala, hazkunde pertsonala, esperientzia berriak, aitorpen pribatua edo publikoa edota egindako gizarte-ekarpena bera ere— tartean dauden pertsona guztien artean partekatu behar dira, baina hori ohikoagoa izaten da, errazagoa, normalean “doakoa” delako eta jabetza ahalguztiduna izatearen ideiaren kontra ez doalako, etekinen xedeari dagokionez.

Baina emaitza ekonomikoa, egindako lanaren ondorengo “uzta”, partekatu egin behar da erakunde autokudeatu batean, edo, bestela, iruzur nabarmen baten aurrean egongo gara, eta berehala horren berri izango dutenez, frustraziora eta apatiara eramango ditu.

Ondorioz, emaitza ekonomikoek erakundearen etorkizuna finkatzeko eta jabetzari eta erakundean lan egin duten pertsonei ordaintzeko moduko mekanismoa ezarri behar dugu.

Guri dagokigunez, ohikoa izaten da ekitaldiko emaitzaren %30a erakundeko pertsona guztien artean banatzea, baina eskema ezberdinak egon daitezke. Garrantzitsuena da emaitza horiek helburua betetzea eta autokudeaketaren balio guztiei koherentzia ematea.

[NER BY K2K, K2K Emocionando taldetik ner gainean egiten dugun aplikazio zehatza da. Harremanen estilo berria (ner) erakunde asko beren kabuz abian jartzen ari diren ideien, balioen eta irizpideen multzoa da. Beste era batera ere dei daitezke, eta, beraz, ez dira K2K-ren “jabetzakoak”, nahiz eta guk ner hori zabaltzeko gure modu propioa izan, #nerbyK2K deitzen duguna].