Pertsonengan oinarritutako erakunde bateko 10 giltzarriak

ByK2K Emocionando

Pertsonengan oinarritutako erakunde bateko 10 giltzarriak

Aurreko sarreretan ikusi dugu ‘Zer da benetan pertsonengan oinarritutako erakunde bat?’, ‘Zergatik oinarritu behar du erakunde batek pertsonengan?’ eta, ‘Erakunde bat pertsonengan oinarrituta egon dadin “nola” egin jakiteko lehen 10 urratsak’ ere ikusi ditugu.

NOLA horretan gehiago sakonduta, pertsonengan oinarritutako erakunde bat definitzen duten oinarrizko 10 elementu aztertuko ditugu:

decalogo2

1.- Erabateko gardentasuna

Konfiantza sine qua non baldintza da pertsonengan oinarritutako erakunde baterako. Gardentasuna konfiantzaren ezinbesteko baldintza da. Gardentasunik gabe ezin da konfiantzarik izan. Fede itsua izan daiteke, ezjakinaren zoriontasuna izan daiteke, esamesen irudimena izan daiteke, baina ezin da konfiantzarik izan.

Erabaki bat egokia den edo ez jakiteko garaian irizpide ona da geure buruari galdetzea erabaki horren arrazoiak batzar batean defenda ditzakegun ala ez. Ezin baditugu defendatu, erabakiak ez du gardentasunaren iragazkia pasatzen, ziurrenik ez da erabaki ona izango.

2.- Hierarkiak kendu

Taldean lan egitea bateraezina da hierarkiekin. Edozer esanda ere. Buruzagiek, oso jatorrak izan arren, elkarrizketa egin zaleak eta parte hartzaileak izan arren, gainerako jendearentzat ‘goikoak’ baldin badira, beti izango dira buruzagiak eta horrek erabat baldintzatzen ditu harremanak.

3.- Taldeak sortu

Pertsonek ez dute bakarrik aritu behar erakundean, frankotiratzailerik ez dugu behar, taldeak behar ditugu. Taldeetan zenbat lagun izango dira (3 eta 12 artean da egokiena), taldeak berak konpromisoa hartutako helburu komunak izango dituzte, helburu horiek lortzeko jokabide eta erabakiak hartzeko erabateko askatasuna eta baliabideak izango dituzte eta taldekideek aukeratutako lidergoa izango dute.

4.- Pribilegioak kendu

Pribilegioak bidegabekeriaren ikur dira eta pertsonek, berez, bidegabetzat hartzen dugunarekiko gaitzespen genetikoa dugu. Berdinak ez direnei trataera bera ematea edo berdinak direnei trataera desberdina ematea; beti-beti sortuko dizkigu arazoak horrek.

5.- Bidezko soldata oreka bilatu

Ezin da pertsonengan oinarritutako erakundeaz hitz egin soldatetan arrazoizko duintasunik ez badago, gehien kobratzen dutenen eta gutxien kobratzen dutenen artean distantzia txikiarekin, ordainsari sistema erraza, ulerkorra eta iraunkorra izanik. Barne eztabaidaren arrazoi ez izateko moduan konpondu behar da hori, eta hala egin ezean, ezinezkoa izango da gainerako alderdietan aurrera egitea.

6.- Kanpora fitxatzea, kanpora kontrola

Presentzia fitxatzea da pertsonen konfiantza, inplikazioa eta konpromisoa gehien mintzen duen elementuetako bat. Pertsona bati fitxa dezan eskatzea hartaz ez zarela fidatzen esatea da, eta benetan garrantzitsua dena denbora jakin batez lanpostuan egotea dela adierazten zaio horrekin. Kontrolatzeagatik kontrolatzea da konfiantzaren antitesia, eta gainera, kontrol faltsua izan ohi da normalean.

7.- Neurtu eta egin guztiaren jarraipena

Neurtzea eta datuen jarraipena egitea, hobetzeko, egun osoan egin behar da, ahalik eta gehien. Baina neurtutako informazioa eta datuak pertsonen eta taldeen mesedetarako tresna izan behar dute, erabakiak hartu eta aurrera egin ahal izan dezaten, ez haiek kontrolatzeko.

8.- Erabakiak hartzea partekatu

Beste elementu erabakigarri bat: Zu bakarrik ari al zara zerbait erabakitzen? Ia ziur oker egongo zara. Erabakia egokia izan arren, emaitza bezain garrantzitsua da prozesua erabakiak hartzean eta prozesua zenbat eta parte hartzaileagoa izan, hobe.

9.- Ez kaleratu inor, bilatu alternatibak

Pertsonak dira zure erakundeko elementu garrantzitsuena? Hala bada, denen artean bilatu beharrezko mekanismoak arrazoi ekonomikoak direla eta norbait kaleratu beharrik ez izateko. Pentsatu kaleratzea legez kontrakoa dela, itxi aukera hori eta pentsatu irudimenez, aukera asko daudela ikusiko duzu.

10.- Banatu emaitza pertsona guztien artean

Koherentziaz, proiektu komuna nahi baduzu, arrakasta komuna, erabakiak eta erantzukizunak partekatzen badituzu, denok beharrezkoak bagara uzta lortzeko, orduan haren banaketa ere egin behar da. Adierazgarria den banaketa (emaitzaren % 30, esaterako) eta pertsona guztientzat, salbuespenik gabe.

About the Author

K2K Emocionando administrator

Leave a Reply

MyanmarSpain